Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 350.000 euro bideratuko ditu CIDETECen Naturklima laborategiaren ekipamendura, bateriak birziklatzetik datozen materialak karakterizatzeko.
Ekipamendu berria jarriko da Espainian eta Europan aitzindaria den laborategi horretan. Laborategi hori bakarra da bere esparruan, eta Eskuzaitzeta industrialdean dago.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak beharrezko ezagutza eta industria-ehuna biltzen ditu, gure lehiakortasuna, gure autonomia estrategikoa eta jasangarritasunean dugun lidergoa indartuko dituen bateria zirkularreko polo bat finkatzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, José Ignacio Asensio buru dela, eta CIDETEC Fundazioak, Javier Rodríguez zuzendari nagusiak ordezkatuta, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute gaur, “Naturklima” laborategia garatzeko. Laborategi hori bateriak birziklatzeko materialen karakterizazioan espezializatuta dago. Ekitaldia CIDETECen instalazioetan izan da, eta bertan proiektuari lotutako ekipamendu zientifikoa bisitatu dute.
Hitzarmen horrek jarraipena ematen dio Naturklima Fundazioarekin 2024an hasitako lanari, eta urrats irmoa da Jasangarritasun Departamentuaren estrategian, ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko. Era berean, Jasangarritasun Departamentuak lurraldean errotuta dagoen industria berde eta berritzaile baterako funtsezko azpiegiturak garatzeko duen konpromisoaren parte da. 350.000 euroko finantzaketa publikoarekin, ekipamendu berria emango zaio Espainian eta Europan aitzindaria den laborategi honi. Laborategi hori bakarra da bere eremuan, eta Eskuzaitzeta industrialdean dago.
Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “hitzarmen honek ezagutza, industria eta berrikuntza uztartzen dituen lan-ildo estrategiko bat indartzen du, Gipuzkoatik klima-erronkari aurre egiteko”. Ez dugu ahaztu behar Gipuzkoan mugikortasun elektrikoan erreferenteak diren enpresak ditugula. Bermatu behar dugu enpresa horiek deskarbonizatu egingo direla, eta, horretarako, lankidetza publiko-pribatua eta horrelako proiektuak baliatuko ditugu, gure autonomia estrategikoa indartzeko eta gure produkzio-sarearentzat aukera berriak irekitzeko”.

Foru-arduradunak gaineratu duenez, “birziklatzeaz gain, birziklatze industrialaren ildoan aurrera egiteko aukera emango baitigu, laborategi horrek baterien berrerabilpenarekin lotutako ildo bat ere garatuko du, eta bigarren bizitza bat emango die zenbait proiektutan, hala nola energia-komunitateetan, legegintzaldi honetako apustu handienetako bat baita”.
Laborategiak aukera emango du ibilgailu elektrikoen baterietatik datozen material baliotsuak aztertzeko eta berrerabiltzeko teknologia berritzaileak garatzeko, eta, horrela, mugikortasunaren sektorea deskarbonizatzen eta ezagutza zientifiko eta tekniko berria sortzen lagunduko du.
CIDETECeko zuzendari nagusi Javier Rodríguezen hitzetan, “akordio honek industria jasangarriago eta balio erantsi handiko batekiko dugun konpromisoa indartzen du. “Naturklima” laborategiaren ekipamenduak baterien bizi-zikloa ixteko behar diren ezagutzan eta teknologian aurrera egiteko aukera emango digu, hori funtsezko erronka baita trantsizio energetikorako eta lurraldearen lehiakortasunerako”.
Hitzarmenak aurreikusten du, halaber, bi erakundeen arteko lankidetza emaitzak ustiatzeko, informazio-sistema publikoetan ezagutza sartzeko eta dibulgazio tekniko, zientifiko eta instituzionaleko ekintzak sustatzeko. Azken batean, aliantza estrategikoa da, industria berdearen zerbitzura dagoena, lurraldean errotuta dagoena eta Europarako bokazioa duena.