Europako industriaren lehiakortasuna nabarmen areagotuko duten bateria berriak garatzeko modelatzeko eta simulatzeko tresnetan CIDETEC Energy Storage-en aurrerapenak erakutsi ditu Óscar Miguelek Empresa XXI aldizkarian.
Energy Storage
“ALMAGRID, integración de tecnologías avanzadas de almacenamiento de energía para aplicaciones de red” da Ione Cendoyak eta Óscar Miguelek Energética aldizkariaren maiatzeko zenbakian argitaratu duten artikuluaren izenburua.
Artikulua hemen irakur daiteke.
Aldizkari osoaren bertsio digitalean esteka honen bidez sar daiteke: https://bit.ly/3c4Q55a
Battery 2030+ eskala handiko ikerketarako ekimen europarrak epe luzeko ikerketarako bide orria aurkezten du, etorkizuneko bateria jasangarriak asmatzeko beharrezko ekintzen zirriborroa egiten duena.
Klimari dagokionez neutroa den gizarte bihurtu ahal izateko, funtsezko aldaketak egin behar dira energia sortzeko eta erabiltzeko dugun moduan. Bateriak helburu hori lortzeko giltzarria dira, baldin eta iraunkorrak, seguruak, merkeak eta errendimendu ultrahandikoak izatea lortzen badugu.
Ekimenaren ikerketarako bide orria garatzeko, aholkularitza prozesu bat egin da Europa osoan, eta hiru ikerketa norabide nagusi identifikatu dira. Hiru norabide horiek kimika neutraleko ikuspegian oinarritzen dira eta baterien hurrengo belaunaldia garatzeko prozesua bizkortu egingo dute.
“Battery 2030+ proiektuaren xedea ez da baterietarako kimika espezifiko bat garatzea, baizik eta teknologia digitalen ahalmena ustiatzea, hala nola adimen artifizialarena, etorkizuneko bateria adimendun eta konektatuen aurkikuntza eta garapen prozesua eraldatzeko”, Kristina Edström BATTERY 2030+ proiektuko zuzendariak eta Uppsalako Unibertsitateko Kimika Ez-organikoko irakasleak adierazi duenez.
“Europan etorkizuneko bateriak asmatzeko, indarrak batu behar ditugu, eta ikuspegi koordinatu bat aurkitu behar dugu, elkarlanean oinarritutakoa, industria, ikertzaileak, arduradun politikoak eta, oro har, gizarte osoa haren inguruan bilduko dituena”, dio Simon Perraud-ek, BATTERY 2030+ proiektuko eta CEA-Liten laborategiko zuzendari ondokoa denak.
Bide orrian identifikatutako hiru ikerketa gai nagusiak honako hauek dira:
– Interfazeen eta materialen aurkikuntza bizkorra.
– Funtzionaltasun adimendunak integratzea.
– Fabrikatu eta birziklatu ahal izatea, zeharkako alor gisa.
CIDETEC Energia Biltegiraketa taldeak parte hartze handia izan du bide orria egiteko orduan, Elixabete Ayerbe eta Oscar Miguelen eskutik. “Ikerketaren arlo nagusietako bat bideratuz, hau da, etorkizuneko baterien teknologiak 4.0 industriaren eta digitalizazioaren ikuspegitik fabrikatu ahal izatea ikertuz, modelizazioaren eta adimen artifizialaren ahalmena baliatzea proposatzen da, biki digitalak eskaintzeko, bai baterien geometria berritzaileetarako, bai haien fabrikazio metodologietarako”, dio Elixabete Ayerbe CIDETEC Energia Biltegiraketa taldeko Proiektu zuzendariak eta baterien fabrikazio eta diseinuaren arloko modelizazio aurreratuan adituak.
Irudikapen birtual horiek, zalantzarik gabe, mundu fisikoa osatzeko balioko dute, bateriak fabrikatzeko instalazioen kontrol handiagoa eta baterien diseinu kontzeptuala eskainiz.
Deskargatu BATTERY 2030+ bide orria:
https://battery2030.eu/research/roadmap/
Horizon 2020 programaren esparruan, Europako Batzordeak LiPLANET proiektua finantzatuko du datozen bi urteetan, litiozko bateria-gelaxkei buruzko ikerketa-ildo pilotuen sare bat ezartzeko xedez. Hala, partzuergoa osatzen duten zortzi kideak litiozko teknologia aurreratuko bateria-gelaxken fabrikazioaren gaineko ikerketan eta garapenean zentraturiko ikerketa-ildo pilotuen sare europar bat sortzeko oinarriak finkatzen ari dira. Proiektua finantzatuko den bi urteetan, sare jasangarri bat sortzeko eta berori abiatzeko behar diren egiturak ezarriko dira.
Bada, sare horren bidez, Europar Batasunak litiozko bateria-gelaxken merkatu estrategikoaren barruan duen tokia indartu nahi da, azkar-azkar hedatzen ari den esparrua baita hori. Sarea diseinatzeko orduan, ildo pilotuen operadoreez gain, industria-sektore garrantzitsuek eta politikak egiteaz arduratzen diren alde interesdunek hartuko dute parte. LiPLANET sareak, era berean, kide industrialen eta akademikoen arteko lankidetza indartuko du, ezagutza- eta ekipamendu-gabeziak identifikatu eta arauak ezartzeari begira. Prestakuntza-tailerrak eta -ikastaroak antolatuta, materialen arloko I+Garen eta bateria-gelaxken ekoizpen industrialaren artean dagoen desberdintasuna amaituko da, eta, horrela, bide emango zaio eskala handiagoko ezarpen efiziente eta seguruari. Zentzu horretan, hainbat jarduera egingo dira:
– Litiozko bateria-gelaxken inguruko ikerketa-ildo pilotu europarrak zehaztea.
– Sarea irabazi-asmorik gabeko negozio-eredu jasangarri batean ezartzea.
– Esparru juridiko bat ezartzea eta ezagutzak nahiz datuak trukatzeko plataforma bat garatzea, industria-sektorea, komunitate zientifikoa eta ikerketa-ildo pilotuak lankidetzan aritu daitezen.
– Ikerketa-ildo pilotuak prestatzeko arauak sortzea.
– Sarea hedatzeko eta jasangarria izateko estrategia bat zehaztuko duen eta bateria-gelaxken eskala handiko ekoizpen industrial europarraren lehiakortasunari eutsiko dion ibilbide-orria marraztea.
Proiektuari buruzko datuak
Europako Batzordeak sustatuko du proiektu hau, Horizon 2020 programaren esparruan, bi milioi euroko zenbatekoarekin, 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31rako aldian.
Honako kide hauek osatzen dute proiektuaren oinarrizko partzuergoa:
– Technische Universität Braunschweig.
– EIT InnoEnergy.
– EMIRI.
– AIT Austrian Institute of Technology.
– CEA Liten.
– CIDETEC Energy Storage.
– ABEE – Avesta Battery & Energy Engineering.
– VDI/VDE Innovation + Technik.
TECNALIA eta CIDETEC Energy Storage teknologia zentroek beren indarrak elkartu dituzte baterien erabileran oinarritutako energia-teknologia eta aplikazio berriak garatzeko, industriako sektore desberdinentzat. TECNALIAko presidentea Emiliano López Atxurra eta CIDETECekoa, Eduardo Junquera, izan ziren bi erakundeen arteko hitzarmen estrategikoa sinatzez arduratu zirenak
Hitzarmena sinatu ondoren Europako plataforma teknologiko handienetako bat sortuko da biltegiratzea duten energia-soluzioak ikertzeko eta garatzeko, 100 ikertzaile baino gehiagorekin. Hitzarmen honekin bi erakundeetan dauden sinergiak esplotatu ahal izango dira. TECNALIAk beste batzuen artean, aplikazioen integrazioa eta potentzia-elektronika alorretan dituen ezagutzak ekarriko ditu eta CIDETEC Energy Storage-k berriz bateria aurreratuen garapenean duen esperientzia, Europako aitzindari izateko xedearekin balio-kate guztiko soluzioetan. Lankidetza estrategikoa sektore industrial desberdinetarako baterietan biltegiratze energetikoa duten elektrifikazio aplikazioen garapenean oinarrituko da, energia berriztagarriak sare-elektrikoan hobeto integratzeko, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta garraioen elektrifikazioa ahalbidetzeko. Beste sektore batzuk ere baditu helburu, hots, aeroespaziala, aeronautikoa edo itsasokoa.
Ekimen hau Europak 2030erako zehaztutako helburuekin bat dator eta eredu energetiko berrien garapena inplikatzen du, energiaren biltegiratzea oso garrantzitsua baita etorkizuneko sare-elektrikoei eta mugikortasunari begira.