LiPLANET sarearen helburua Europan berrikuntza- eta produkzio-ekosistema sortzea da, bai eta Europar Batasunak (EB) litiozko bateriak fabrikatzeko merkatuan duen posizioa indartzea ere. Horretarako, Europako Batzordeak LiPLANET egitasmoa sortu zuen Horizon 2020 programaren esparruan, eta, haren bidez, sarea ezartzeko oinarriak ipini zituzten egitasmoa martxan aritu den bi urte hauetan. Orain, urte eta erdiren buruan, sare iraunkorra finkatzeko zimenduak ezarri dituzte. Hori horrela, LiPLANET sarea martxan dago jada eraturiko elkarte gisa.
Mugarri garrantzitsua izan zen maiatzaren 7ko (ostirala) eratze-ekitaldia, ofizialki markatzen baitu sarea martxan jarri izana. Horri esker, posible izango da lerro pilotuetako eragileen arteko sinergiak aprobetxatzea, jakintzen eta ekipamenduen gabeziak identifikatzea, prestakuntza-saioak elkarrekin antolatzea, eta industriarekin eta akademiarekin lankidetzan jardutea. Halaber, alderdi parte-hartzaileek eskura izango dute merkatua, kontuan izanik epe luzerako helburua dela Europa nazioartean bateriak ekoizteko toki lehiakor gisa definitzea.
Sarea sortzeko aurreikuspenarekin, azkeneko hilabeteetan hainbat gako-jarduera gauzatu dira egitasmoaren barruan:
– Europan litiozko bateria-gelaxken ikerketa pilotuko lerroen mapaketa bat egitea.
– Sarea irabazi-asmorik gabeko negozio-eredu jasangarri batean txertatzea.
– Lege-esparru bat sortzea eta jakintza eta datuak trukatzeko plataforma bat garatzea, industriaren, zientziaren eta ikerketa-lerro pilotuen arteko lankidetzarako oinarri gisa.
– Ikerketa-lerro pilotuak kualifikatzeko arauak garatzea.
– Ibilbide-orri bat garatzea, alde batetik, sarerako estrategia bat definitzeko, hedapena eta jasangarritasuna ardatz gisa harturik, eta, bestetik, baterien eskala handiko produkzio industrialaren lehiakortasuna babesteko Europan.
– Aditu-taldeak sortzea hainbat diziplinatako trukea bultzatzeko eta jardunbide egokiak partekatzeko, baterien alorreko sektoreen artean.
Gaur egun, LiPLANET sarea honako zortzi erakunde sortzaile hauek osatzen dute:
– ABEE – Avesta Battery & Energy Engineering
– AIT Austrian Institute of Technology GmbH
– Battery LabFactory Braunschweig
– CEA Liten
– CIC EnergiGUNE
– CIDETEC Energy Storage
– Fraunhofer ISIT
– ZSW
Sarearekin bat egin nahi duten lerro pilotuek LiPLANET inkesta bete behar dute lehendabizi, eta, ondoren, info@liplanet.eu helbidearekin ipini behar dute harremanetan, informazio gehiago eskuratzeko.
Proiektuaren datuak
LiPLANET proiektuak Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren dirulaguntza jaso du 875479 akordioaren bidez.
Bazkide hauek osatzen dute egitasmoaren partzuergo nagusia:
- – Technische Universität Braunschweig
- – ABEE – Avesta Battery & Energy Engineering
- – AIT Austrian Institute of Technology GmbH
- – CEA Liten
- – CIDETEC Energy Storage
- – EIT Inno-Energy
- – EMIRI
- – VDI/VDE Innovation + Technik GmbH
Informazio eguneratua eskuratzeko, jo www.liplanet.eu webgunera.