Bisita gaitzazu!
· ·
· ·
Bisita gaitzazu!
Erakundeak diru sarreren errekorra lortu zuen 2021ean, eta datozen bost urteetan jarduera bikoizteko itxaropenarekin ekiten dio etorkizunari
CIDETEC 1997ko martxoaren 4an hasi zen lanean, I+G zentro gisa, jarduera arlo hauetan: energia biltegiratzea, bateria elektrokimikoak (hidrogeno pilak bereziki), eta gainazalen ingeniaritza; garai hartan, arlo horietan esperientzia zuten lau pertsonaz osatutako ikertalde bat zuen. Baina 25 urteko jardueraren ondoren, CIDETEC hazi egin da, eta gaur egun hiru zentro ditu. Zentro horien jarduera ildoak energia biltegiratzea, gainazalen ingeniaritza eta nanomedikuntza dira, eta guztira 215 langile dituzte, horietatik % 50 hainbat diziplinatako doktoreak. 2021ean, CIDETECek 15 M€-ko diru sarrerak izan zituen, inoizko zenbatekorik handiena.
Duela gutxi, erakundeak etapa berri bati ekin dio 2021-2027 Plan Estrategikoari jarraituz, eta 30 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusten ditu, taldearen dimentsioak eta fakturazioa bikoizteko asmoz.
Gaur egun, CIDETECek Gipuzkoako Parke Zientifiko Teknologikoan du egoitza, Donostian, eta bertan hiru zentro ditu. Gainera, Tolosan dagoen MUBIL Gipuzkoako Elektromugikortasunaren Poloan ere instalazioak ditu, baina laster Eskusaitzetara (Donostia) eramango dituzte.
CIDETECek tokiko eta nazioarteko enpresentzat lan egiten du, eta lankidetza proiektuetan parte hartzen du beste zentro eta unibertsitate batzuekin. 25 urteko ibilbide honetan, CIDETECek 675 ikerketa proiektu baino gehiagotan lan egin du, bere proiektuetan nahiz beste erakunde batzuekin lankidetzan, eta horietatik 65 Europako I+G+Bko etorkizuneko joerak eta lehentasunak markatzen dituzten programen esparrukoak izan dira.
H2BASQUE proiektua prototipo bat garatzen ari da, PEM elektrolisi bidez hidrogeno berdea sortzeko.
Hidrogeno berdea etorkizuneko ekonomiaren euskarri gisa aldarrikatzen den egunotan, haren erabilera demokratizatzeko bideak garapen ugari eskatzen ditu. CIDETEC Energy Storagek H2BASQUE proiektuan parte hartzen du. Egitasmo horretan, hidrogeno berdea kostu lehiakorrean sortzeko teknologien funtsezko osagaiak lantzen dira, hala nola uraren elektrolisia edo ziklo termokimikoak.
Uraren elektrolisiari dagokionez, proiektuan elektrolisi-teknologiarako osagaiak garatuko dira zuntz polimeriko alkalino eta azidoko elektrolisi-teknologietarako (AEM eta PEM, hurrenez hurren). Era berean, ziklo termokimikoak, ez-organikoak eta organikoak garatuko dira, ekonomikoki bideragarriak, hidrogenoa ahalik eta tenperatura baxuenean sortzeko (< 500 °C).
H2BASQUE proiektuaren barruan, CIDETECek koordinatzen du PEM elektrolisiaren arloko jarduera.Ildo horretan garatzen dira teknologiaren funtsezko osagaiak, hala nola mintz-elektrodo mihiztadura (MEA), katalizatzaileak, bereizketa-mintza eta plaka bipolarra. Proposatutako garapenaren azken helburua da ekoitzitako hidrogenoaren kostua murriztea, material kritikoen erabilera gutxitzea eta hidrogenoa ekoizteko prozesuaren errendimendua hobetzea.
Proiektuaren azken fasean, lortutako garapenei esker, prototipo bat eskuratuko da PEM elektrolisi bidez hidrogeno berdea sortzeko.
ELKARTEK programak finantzatuta, CIDETEC Energy Storage enpresaz ez ezik honako hauek ere parte hartzen dute: Tecnalia (koordinatzailea), CICenergiGUNE, UPV/EHU, Tubacex, Petronor, Tekniker eta Energiaren Klusterra (Basque Energy Cluster).
BATERIETAN OINARRITUTAKO ENERGIA BILTEGIRATZE SISTEMEI BURUZKO MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN II. BILERA ZIENTIFIKOAN, zentroan garatzen ari diren digitalizazio-teknikak aurkeztu zituzten
Etengabe garatzen ari den baterien arloan, ezinbestekoa da azken teknologiak izatea merkatuaren eta gizartearen beharrei aurre egiteko, hari esker lortzen baita ikerketa-lanak azeleratzea eta emaitzarik onenak eskuratzea. Modelaketari eta simulazioari esker, ikerketaren alorrean ireki den aukeren leihoa erabat ari da aldatzen merkatua, eta nabarmen murrizten ditu garapen-denborak eta, ondorioz, merkatura iristeko denborak.
Elixabete Ayerbe, CIDETEC Energy Storage enpresako Team Leader Battery Modelling | Postmortem analysis-ean BATERIETAN OINARRITUTAKO ENERGIA BILTEGIRATZE SISTEMEI BURUZKO MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN II. BILERA ZIENTIFIKOAN parte hartu zuen joan den otsailaren 16an, Orona Ideo campusean (Hernani, Galarreta). Eztabaida-foro horretan, tokiko eta nazioarteko adituak izan ziren hainbat ikuspegi partekatzen, gehienak baterien modelaketaren eta simulazioaren ingurukoak. Sektoreko kide nabarmenek emandako zortzi txostenetatik bostek teknologia horiek zituzten hizpide, eta hainbat ikuspegitatik aztertu zituzten. Horrek digitalizaziorako joera erakusten du, energia biltegiratzearen esparruan ezarrita.
Elixabete Ayerbek «Deep dive into the modelling: accelerating battery cell developments» izeneko hitzaldia eman zuen (Modelizazioan sakontzea: bateria-gelaxken garapena azeleratzen), CIDETEC Energy Storagen garatzen ari diren digitalizazio-teknikei buruz. Ikerketa horiek biltzen dituzten alorren barruan nabarmentzen dira, esaterako, bateriak fabrikatzeko prozesuak, ikerketa- eta aurkikuntza-prozesuak bizkortzeko duten ahalmena, prestazioen eta portaeren aurreikuspena eta analisia, eta degradazio-prozesuen aurreikuspena.
Hitzordua aprobetxatuz, Ayerbek CIDETEC lantzen ari den bi tresna ere aurkeztu zituen: cideMOD eta PROTEO. Lehenengoa dagoeneko irekita dago komunitatearentzat, eta GitHub plataformaren bidez eskura daiteke. Bigarrenak, berriz, gehiago lantzen ditu baterien modelaketa eta simulazioa: web aplikazio bat da, intuitiboa eta erabilerraza, eta, gelaxkaren prestazioak aurreikusteaz gainera, haren osagaiak optimizatzea ahalbidetzen du. Garapenaren azken fasean dago.
Elixabete Ayerbek ibilbide luzea du bateriak ikertzeko alorrean, eta baterien ekoizpen-prozesuen digitalizazioari buruzko DEFACTO proiektu europarraren koordinatzailea da. Era berean, buru-belarri inplikaturik dihardu Europako BIG-MAP eta Battery 2030+ ekimenetan (azken horretan, fabrikagarritasuneko arduradun gisa).
Automobilgintzako Hornitzaileen Espainiako Elkarteak (SERNAUTO) bi dimentsioko infografia interaktiboa sortu du, zeinean ibilgailu baten osagai nagusiak erakusten baitira. Funtsean helburu didaktikoa duen ekimen horretarako, CIDETEC Energy Storageren partaidetza izan dute.
Espainiak automobilgintzako hornitzaileen industria sendo, lehiakor eta berritzailea dauka, mundu osoan ibilgailuak fabrikatzeko nahiz ordezko piezak merkaturatzeko ekipamenduak eta osagaiak diseinatzen, garatzen eta hornitzen dituena.
Automobilgintzako hornitzaileek ematen dute ibilgailuaren balioaren % 75. «Osagaien mapa» birtual eta interaktiboaren bidez, oso modu bisualean erakusten da industria horren ekarpena, bai eta Espainian osagai eta sistema horiek garatzeko dituen gaitasun teknologikoak ere.
Gure herrialdean fabrikatutako eta/edo hornitutako sistema eta osagaien aukera zabala bistaratu nahi zaio gizarteari, eta ibilgailu baten garapenaren atzean dauden erakundeen ekosistema zabala erakutsi.
Lehenbiziko fasean, ibilgailuen osagai-familia handien mapa islatu dute, lau propultsio-bertsioetarako: barne-errekuntza, hibridoa, elektrikoa eta hidrogenoa. Infografiaren bidez, edozein ibilgailuren zatietan barna ibil daiteke, eta osatzen duten osagaiak lau kategoria handitan multzokatuta ezagutu: xasisa edo plataforma, karrozeria, bidaiari-lekua, eta ADAS segurtasun-sistemak (Advanced Driver Assistance Systems edo gidariari laguntzeko sistema aurreratuak). Gune horietako bakoitzean, pieza horiek egiten dituzten eta ekimen honetan lagundu duten automobilgintzako hornitzaileak agertuko dira.
Hornitzaileek Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan (I+G+B) egiten duten inbertsio handiari esker (industriako batezbestekoaren hirukoitza), ibilgailuen osagaiak gero eta sofistikatuagoak dira teknologikoki, eta, hori dela medio, gero eta seguruagoak, efizienteagoak, konektatuagoak eta automatizatuagoak dira. Ildo horretan, Espainian baditugu automobilgintzaren sektorean espezializatutako erreferentziazko zentro teknologikoak ere, mundu zabaleko ibilgailu- eta osagai-fabrikatzaileekin lankidetzan aritzen direnak.
Infografia gaztelaniaz zein ingelesez dago eskuragarri, eta, beraz, baliabide bat gehiago izango da «Made in Spain osagaiak» marka nazioartean sustatzeko.
Ekimenak ICEX España Exportación e Inversiones erakundearen babesa izan du, eta hornitzaile eta teknologia-zentro garrantzitsuek jardun dute lankidetzan; esate baterako, Alvagar, Alter Technology, Bosch, Benteler, CIDETEC, Continental, CTAG, Gestamp, Grupo Antolin, Hella, Joarjo, Knauf Industries, Fagor Ederlan, Mahle, Mann+Hummel, Marelli, Mondragón, Saint Gobain, Schaeffler, Tecco Automotive, Tecnalia, Valeo, Varta, Vicomtech, Zanini eta ZF.
Egon eguneratuta
Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.