CIDETEC Energy Storagek, elkarlanean Institut de Recerca en Energia de Catalunyarekin (IREC) eta Europako beste hamazazpi bazkiderekin, mugikortasun elektrikorako Espainiako Estatuko formatu handiko litio-ioizko lehen bateria sortu du, tentsio handikoa eta kobaltorik gabekoa, COBRA proiektuaren barruan eta IRECek koordinatuta (merkaturatze-aurreko fasean dago).
Egitasmoak hamabi milioi euro inguruko finantzaketa jaso du Europako Batzordearen 2020 Horizon programatik (indarrean 2020ko urtarriletik 2024ko uztailera), eta berrehun gelaxka fabrikatzen ari da bateria oso bat muntatzeko. Asmoa da fabrikatzaileek epe ertain batean merkaturatu ahal izatea.
Prototipo berria testatze-fasean badago ere, dagoeneko izan du lorpen garrantzitsu bat: kobaltoa ezabatzea fabrikazio-prozesutik, elementu garesti eta toxikoa, kasu askotan abusuzko lan-baldintzetan lortzen dena.
CIDETEC Energy Storageko Li-ioi Aurreratua lantaldearen arduradun Iratxe de Meatzak aipatu duenez, proiektuari esker, “laborategitik, kobaltorik gabeko material katodiko hau —energia-dentsitate handiko oxido laminar bat, litioz eta manganesoz aberastua— eraman dugu tamaina industrialeko gelaxka batzuetara, prestazioak aztertzeko baldintza errealagoetan”, prototipoaren “birkarga-potentzia eta ziklabilitatea” hobetzeko helburuarekin.
Bateriaren “sistema konplexua” osatzen duen osagai bakoitza optimizatzeko desafioaren aurrean, Donostian finkatutako ikerguneak eginiko lanari esker, elektrodoen formulazio berriak aurkitu dira, “panel fotovoltaikoen silizio birziklatua” ere erabilita anodoan. Horrek doitu egiten du teknologia hau Europak “birziklapen eta jasangarritasun” alorrean ezartzen dituen mailetara.
Hori horrela, Jordi Jacas IRECeko senior ikerlari eta egitasmoaren koordinatzaileak adierazi du dagoeneko lortzen ari direla “gelaxka osatzen duten elementuen % 90-95 birziklatzea”, eta segurtasun-mailak handitzen ari direla balio-kate osoan, “osagaietan, gelaxka elektrokimiko eta sentsoredun kontrol-sistemetan, eta bateriaren amaierako paketean”.
Eredu gisa muntatuko den bateria osoaren diseinu berritzaileak kontrol-sistema berri bat izango du, hari gabeko komunikazioak ez ezik, sentsoreak eta algoritmoak ere izango dituena, baterien segurtasuna handitzeko (gai izango dira tenperatura-aldaketak edo gas-ihesak detektatzeko), eta baterien efizientzia hobetuko du.