2014an patentatutako 3R teknologiaren bidez, material konposatu termoegonkor lehiakorragoak eta jasangarriagoak garatzen dira, teknologia horrek materialei ematen dizkien hiru ezaugarriei esker: birprozesagarritasuna, konpongarritasuna eta birziklagarritasuna. 2014az geroztik, CIDETECek teknologia hori aztertzen eta lantzen jarraitu du, Europa mailako nahiz industria arloko askotariko ikerketa-proiekturen bidez, sektore desberdinetako enpresekin elkarlanean (ibilgailuen, haize-energiaren, trenen eta aeronautikaren sektoreetako enpresekin, batez ere).
Lan horrek ostegun honetan, azaroaren 12an, eman ditu lehenengo fruituak, AVK elkarte alemaniarrak AVK Innovation Award saria eman baitigu bigarren aldiz. Sari-banaketa Stuttgart-en egiten da normalean, Composites Europe feriaren baitan; aurten, ordea, formatu birtualean egin behar izan da, pandemiaren ondorioz ditugun baldintzak direla eta.
3R konpositeek material konposatu termoegonkorren sektoreari egiten dioten ekarpen nagusia lehiakortasuna eta jasangarritasuna areagotzea da; izan ere, konposite horiek konpongarriak eta birziklagarriak baitira, eta produkzioaren eta mantentze-lanen kostuak murrizten baitituzte. Horri esker, konposite termoegonkorren sektoreko bi erronka handienei konponbidea ematen zaie.
Epoxi matrizea duten material konposatuak erabiltzen dituzten sektore eta erabilera mota guztietan aplika daiteke material hori; besteak beste, ibilgailuen, haize-energiaren, trenen eta aeronautikaren sektoreetan.
Sari honen bidez, Cidetec Suface Engineering-en lan berritzailea azpimarratzen da, teknologia hori garatuz material konposatu termoegonkorren industria lehiakorragoa eta jasangarriagoa izatea ahalbidetzen baitu.