22 | 01 | 2018

CIDETEC Energy Storageren parte-hartze nabarmena Europako Batzordeak antolatutako zenbait ekitaldi estrategikotan

Energy Storage

CIDETEC Energy Storagek parte-hartze nabarmena izan du urtarrilean Bruselan bateriei buruz Europako Batzordeak antolatutako bi ekitaldi estrategikotan.

Energiaren eta garraioaren sektoreek zeregin erabakigarria dute eurozonaren ekonomian. Bestalde, berek sortzen dituzte berotegi-efektuko gas-emisioen ia hiru laurdenak. Horregatik, funtsezkoa da neurriak hartzea emisio apaleko garraio-sistema jasangarri eta aberastasun-sortzaile baterantz joateko trantsizioa azkartzeko. Testuinguru horretan, bateriek zeregin nabarmena izango dute garraioa elektrifikatzeko eta energia-kudeaketa eraginkorragoa lortzeko.

Europako Batzordeak “Battery Alliance” ekimena plazaratu du Europako baterien sektorearen lehia-ekosistema baten garapena sustatzeko eta Europan fabrikatzeko ahalmenak ezartzea errazteko. Ekimen horrek aukera eman behar du beste zona batzuekiko mendekotasun teknologikoa gutxitzeko eta, hala, ezagutza, lana eta aberastasuna sortzeko maila lokalean.

Ikerketak eta garapenak zeregin funtsezkoa izango dute estrategia horretan. Ahaleginak zer lehentasun teknologikotan ezarri behar diren eztabaidatzea sustatzeko, Europako Batzordeak, bere Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, “European Battery Cell R&I Workshop” ekitaldia antolatu zuen 2018ko urtarrilaren 11n eta 12an. Ekitaldian, eragile teknologiko eta industrial nagusiek eta Europako Batzordearen mailako eragile politiko nagusiek hartu zuten parte: guztira, 250 parte-hartzailetik gora izan ziren.

CIDETEC Energy Storage gonbidatua izan zen workshop horretan modu aktiboan parte hartzeko, haren ibilbidea eta gaitasunak kontuan harturik, eta presentzia nabarmena izan zuen. Lehen jardunaldian, ikerketa eta garapeneko hiru europar erakunde hautatu ziren eztabaida teknikoaren oinarriak ezartzeko osoko bilkurarako txosten baten bidez, eta CIDETEC izan zen hiru horietako bat.

Oscar Miguel Crespo doktore eta CIDETEC Energy Storageko zuzendariari esleitutako eginkizuna izan zen aurkeztea eta erreibindikatzea zer garrantzi duten instalazio pilotuek bateria-teknologia berrietako ikerketa-prozesuaren balio-katean, bai eta ekimen bat plazaratzea ere europar sare bat ezartzeko esparru horretan egiten ari diren ekimenak koordinatzeko.

Bigarren jardunaldia eztabaida-saio paraleloen formatuan antolatu zen, eta Oscar Miguel doktorearen ardura izan zen gai berari buruzko saioa moderatzea. Saio horretan parte hartu zuen Idoia Urdampilletak ere, CIDETEC Energy Storageren Energiarako Materialaren Unitatearen arduradun eta  bateria-instalazio pilotuaren arduradun teknikoak.

Ekitaldi hori baino lehen, aurretiko workshop tekniko bat izan zen, Europako Batzordeak antolatua hori ere, DG Connect-en bidez kasu honetan, epe luzeagoko helburu batekin: “Flagship” motako ekimen bat plazaratzea egungo bateria-teknologien lekukoa hartu behar duten teknologia berrietan ikertzeko. Ekitaldi hori selektiboagoa izan zen, zuzeneko gonbidapena behar zen, eta hartan ere parte hartu zuen CIDETEC Energy Storagek Miguel doktorearen bidez.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.