Gipuzkoa ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren abangoardian kokatzen da, Eskuzaitzetan proiektu berritzaileak ezartzeko bi hitzarmen estrategiko sinatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta CIDETECek, Naturklima Fundazioarekin lankidetzan, baterietatik datozen materialen karakterizazio-laborategi bat eta azken belaunaldiko mikrosare energetiko bat jarriko dituzte abian Eskuzaitzeta industrialdean. Guztira 400.000 euroko inbertsioa egingo da.
Jose Ignacio Asensio: “Eskuzaitzetako Microrred energetikoa eta Bateria-materialen karakterizazio-laborategiak nabarmen bizkortzen dute trantsizio energetikoa Gipuzkoan, kalitatezko enplegu berria sortzen dute eta bide batez, baterien birziklatzearen inguruan sortzen ari den industria berritzailean lidergoari heltzen dio”.
Javier Rodriguez: “Baterien ugaritzeak erronka berri baten aurrean kokatzen gaitu, eta CIDETECek lurraldearen eskura jarriko ditu bere ezagutza eta esperientzia, Gipuzkoa erreferente bihur dadin baterien birziklatzean”.
Gaur goizean, José Ignacio Asensiok, Jasangarritasuneko diputatuak eta Naturklimako presidenteak, eta Javier Rodríguezek, Cideteceko zuzendari nagusiak, bi lankidetza-hitzarmen sinatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Naturklima eta Cidetecen artean, 390.000 euroko zenbatekoarekin.
Bi hitzarmen horiek sinatzeak berrikuntzarekiko, jasangarritasunarekiko eta deskarbonizazioarekiko konpromisoa azpimarratzen du, eta aurrerapauso erabakigarria da Gipuzkoak duen estrategia integralean, sortzen ari den sektore batean, hau da, baterien sektorean, oinarritutako industria-ekosistema berri bat sortzeko. Jose Ignacio Asensiok, Jasangarritasuneko diputatuak eta Naturklimako presidenteak, honako hau adierazi du: “Baterien bilakaeran aurreikusten den hazkunde handiak, sektore berri baten hasiera izateaz gain, bateria horiei bigarren bizitza baliagarri bat emateko premia ere azpimarratzen du, horrela energia berriztagarrien erronka nagusia bizkortzeko: biltegiratzea”.
FHG ISI Cell Production Databas-ek emandako datu ofizialen arabera, bateria-ekoizpena izugarri igoko da Europan datorren hamarkadan, 2024an 120 GWh izatetik 2030ean 750 GWh baino gehiago izatera pasatuz. Horrek esan nahi du 2020-2030 hamarkadan guztira metatuko dena 1 TWh izango dela. Hedapen handi horrek erronka erabakigarri bat planteatzen du: bateriak modu jasangarrian kudeatzea bizitza baliagarriaren amaieran. Horregatik, konponketa, birmanufaktura, berrerabilera eta birziklatzea funtsezko kontzeptuak dira gai horri heltzeko.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, NATURKLIMA eta CIDETECekin batera, ZIRKULAR BAT foroa jarri zuen abian 2022an. Dagoeneko hogei bat enpresa biltzen dituen hub bat da, eta baterien inguruan sinergiak sortzea eta aukerak sortzea du helburu.
“ZIRKULAR BAT epe ertainerako estrategia baten hasiera baino ez da, Gipuzkoan baterien inguruko ekosistema industrial eta teknologiko bat izatea ahalbidetuko diguna, energiaren eta ingurumenaren etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko” azpimarratu du Asensio diputatuak, “bi hitzarmen horiek sinatzeak aukera ematen du Gipuzkoan trantsizio energetikoa nabarmen bizkortuko duten bi proiektu berri abian jartzeko, kalitatezko enplegu-nitxo berri bat sortzeko eta baterien birziklatzearen inguruan sortzen ari den industria berri baten buru izateko.”
Bi proiektu hauek hitzartuko dira:
Erabilitako baterietatik datozen material birziklatuak karakterizatzeko laborategi bat, Cidetecek Eskuzaitzeta industrialdean dituen instalazio berrietan egongo dena. Laborategi horrek litiozko bateriak birziklatzeko teknologien ikerketan eta garapenean aurrera egiteko aukera emango du, baliabide baliotsuen berrerabilera optimizatuz eta 2027rako bateriak birziklatzeko planta pilotu bat sortzeko helburuan urrats esanguratsua emanez. Espazio horrek Hitzarmenak berak hornitutako ekipamenduak izango ditu, baita CIDETECek helburu horretarako eskuragarri jarritako beste ekipamendu batzuk ere, eta CIDETEC Energy Storage enpresaren Eskuzaitzetako instalazio berrien inaugurazioarekin batera irekiko da.
Bigarren funtsezko proiektua Eskuzaitzetako enpresa-ingurunean azken belaunaldiko mikrosare energetiko bat ezartzea da. Ekimen horren helburuak honako hauek dira: Eskuzaitzetako industrien energia-autonomia sustatuko duen energia-komunitate bat instalatzea, eta panel fotovoltaikoak, hondar-beroa, ibilgailu elektrikoak eta bigarren bizitzako bateriak barne hartzen dituen energia-mikrosare batean integratzea, inguruko enpresen energia-jarduerak optimizatzeko. Proiektu hau Living Lab moduan garatzen da, sarearen funtzionamenduari buruzko ezagutza elkarrekin sortzeko eta sistemak optimizatzea ahalbidetuko duten irtenbideak elkarrekin sortzeko laborategi bizi gisa. “Proiektu horiek kalitatezko enplegu-nitxo berri bat sortzeaz gain, Gipuzkoa nazioarteko erreferente bihurtzen dute baterien ekonomia zirkularraren eta energia berriztagarrien esparruan” adierazi du foru diputatuak.