19 | 09 | 2018

SELECTA proiektuaren tailerra eta amaiera-bilera

Surface Engineering

Abuztuaren 27tik 29ra bitartean egin ziren SELECTAren “Smart ELECTrodeposited Alloys for environmentally sustainable applications: from advanced protective coatings to micro/nano-robotic platforms” proiektuaren azken tailerra eta amaierako bilera Bartzelonako Castelldefelsen. Tailerrean izan zirenek eztabaida zientifikoetan eta proiektua kudeatzeko bileran parte hartzeko aukera izan zuten, eta, halaber, Sincotrón ALBAren instalazioak ikustekoa ere, Bartzelonako Cerdanyola del Vallès herrian.

Marie Sklodowska-Curie Innovative Training Networks (ITN) ekintzaren barruan antolatu zen SELECTA proiektua, zeinaren helburua baita ikertzaile-belaunaldi berri bat trebatzea, nazioarteko ikastetxe publiko eta pribatuen sare baten bidez. Proiektu horretan egin diren lanak, berriz, alor hauetakoak dira: babes-estaldura berrien fabrikazioa eta karakterizazioa, eta haririk gabe eragiten zaien sistema mikro/nanoelektromekanikoak eta plataforma mikro/nanorobotikoak, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren aplikazioetarako. Europar Batasuneko hamar herrialdetako, Suitzako eta Serbiako bederatzi onuradunek eta sei erakunde laguntzailek hartu dute parte proiektuan (H2020-MSCA-ITN-2014 no. 642642). Besteak beste, unibertsitateetako ikerketa-taldeak, zentro teknologikoak eta enpresa pribatuak jardun dira proiektuan, eta, elkarren osagarriak izanik, goi-mailako eta diziplina anitzeko hezkuntza-programa bat antolatu ahal izan dute denen artean.

Tailerrean, berriz, proiektuan zehar lortutako emaitza nagusiak aurkeztu zituzten trebakuntza-alorreko ikertzaileek (Early Stage Researchers, ESR), kasu bakoitzeko adierazle eta helmuga nagusiak zerrendatuta. Hiru urte iraun ditu proiektuak eta, epe horretan, estaldura berritzaileak garatu dira, estalketa galvaniko bidez lortutako aleazio berrietan oinarrituak (Fe, Cu, Al eta beste elementu ez-toxiko batzuk), zenbait eskari teknologikori erantzuteko behar diren egitura, morfologia eta geometria dutenak; besteak beste, erresistentzia handia higadurarekiko eta korrosioarekiko, goi-mailako propietate magnetikoak eta/edo goi-mailako hidrofobizitatea.

CIDETECek erakunde elkartu gisa hartu du parte proiektuan; zehazki, tailerretan eta ikastaroetan ESRak trebatzen, eta ikerketen jarraipena egiten. Proiektu honen barruan, egonaldiak egin dituzte CIDETEC Surface Engineeringen Lituniako Vilniuseko eta Suediako Chalmerseko unibertsitateetako bi ESRk, eta parte hartu dute FeW aleazioan oinarritutako konpositezko estaldura galvanikoak garatzeko eta karakterizatzeko lanetan, zeinek kromo gogorraren pareko propietateak baitituzte, eta, beraz, alternatiba bat izan baitaitezke aeronautikan, automobilgintzan eta industriako beste sektore estrategiko batzuetan estaldura horrek duen eskari handia asetzeko.

Egin diren ikerketak oinarri harturik, hogeita bat artikulu zientifiko argitaratu dira aldizkari espezializatuetan, eta 50 ekarpenetik gora nazioarteko biltzarretan. Halaber, zenbait artikulu ari dira idazten, proiektuan zehar egindako lana hobeto hedatzen lagundu dezaten.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.