Europak efizientziaz sendotu behar du bateriak fabrikatzeko balio-katea, bateria-zelulak eskala handian ekoizteko, eta, hala, trantsizio jasangarri eta ekologikoa ahalbidetzeko. Horretarako, beharrezkoa da ekoizpen-prozesuarekin loturiko emisioak ahalik eta gehien murriztea, baterien errendimendua eta kostua optimizatzea, eta zirkulartasuna bermatzea. Sortzen ari diren gigafaktoriei esker, Europar Batasunak areagotu egingo du bateria-zelulak ekoizteko gaitasuna: gaur egungo 60 GWh-tik 900 GWh-ra, hain zuzen. Hala, EBk 2030erako ezarritako helburuak betetzea lortuko da eta, era berean, Batasunaren oparotasuna bermatzea. Eginkizun horretan, funtsezkoa da EBn egoitza duten makinak eta hornitzaileak sustatzea, independentzia teknologiko eta industriala irabazteko. Beharrezkoa da, orobat, energia eta materialak hornitzeko EBko kateak integratzea, tokiko ekosistema arin, efiziente eta dinamikoa eraikitzeko.
GIGABATen helburua da EBko bateria-zelulak fabrikatzeko industria eta haren balio-katea indartzea, eta, horretarako, eragile erabakigarriak inplikatu nahi ditu, GEN3b (Li-ioi) bateriak garatzeko. Bide horretan, beharrezkoa izango da bateria-zelulak fabrikatzeko makineria berria garatzea, energetikoki efizientea eta gigafaktorien premietara egokitua. Eta beharrezkoa izango da, era berean, instalazio pilotuetan baliozkotzea, ingurune errealetan egoki funtzionatzen dutela bermatzeko. Horrekin batera, gigafaktoriak optimizatu nahi dira, eta, xede hori lortzeko, ezinbestekoa da sektoreak akoplatzea, jasangarritasuna sustatzea, karbono-aztarna eta kudeaketa energetikoa hobetzea, eta Europan sorturiko makineria digitalizatzea. Gigafaktorien diseinu berriak barnean hartzen ditu logistika eta birziklagarritasuna ere, eta ekoizpen-instalazioa osorik digitalizatzea du helburu.
GIGABATek baterien balio-kateko hornitzaileak biltzen ditu eta enpresa gehiago ere ekarriko ditu merkatura. Horretaz gainera, produkzio-makineria optimizatua eta kostuetan lehiakorra eskaintzen duten eragileak integratzen lagunduko du. Partzuergoan ari dira lanean, besteak beste, erakunde akademikoak, zentro teknologikoak, ekipo-fabrikatzaileak, bateria-fabrikatzaileak eta beste zenbait aditu, hala nola bizi-zikloaren analisikoak (LCA) eta bizi-zikloaren kostukoak (LCC), birziklatzearen alorrekoak, logistikakoak eta digitalizaziokoak. Europar Batasuneko baterien ekosistema indartu egingo da lankidetzari esker; izan ere, orpoz orpo ari dira lanean partzuergoa bera eta zenbait gigafaktoriaz osatutako alderdi interesdunen talde bat.
CIDETEC Energy Storage da proiektuaren koordinatzailea eta lan-proiektuetako baten liderra. Li-ioi bateriak ekoizten dituzten Europako gigafaktorietan, CIDETECek modernizatu egingo ditu elektrodoak fabrikatzeko prozesuen zenbait atal (hala nola nahastea, estaltzea eta kalandratzea), baita ekipamenduak ere. Horretaz gainera, CIDETECek laguntza eskainiko die proiektuko gainerako bazkideei etorkizuneko gigafaktorien garapen-oinarriak ezartzen, eta arreta berezia ipiniko die bateria-zelulak ekoizteko digitalizazioari eta gigafaktorien ekosistema sustatzeari.
Hasiera: 01 | 07 | 2023
Amaiera: 31 | 12 | 2026
Aurrekontua: 10.865.496,25 €
CIDETEC Energy Storage (coordinator)
PowerCo SE
Manz Italy Srl
TECHNISCHE UNIVERSITAET BRAUNSCHWEIG
VERKOR
IZERTIS SOCIEDAD ANONIMA
COMAU SPA IT
Heraeus Noblelight GmbH
MATTHEWS INTERNATIONAL GMBH
Jagenberg Converting Solutions GmbH
RISE RESEARCH INSTITUTES OF SWEDEN AB
FERROGLOBE INNOVATION SL
Zeppelin Silos & Systems GmbH
NETZSCH Trockenmahltechnik GmbH
LiPLANET e.V.
FONDAZIONE ICONS
Finantzatzaile