Zauriak azalaren jarraitutasun anatomikoaren eta fisiologikoaren galera dira. Zauri kronikoak hiru hilabete baino gutxiagotan sendatu ohi ez diren zauriak dira (definizio klinikoaren arabera), eta mundu industrializatuko biztanleen % 2ri eragiten diote. Datozen urteotan horrelako zaurien kopurua nabarmen areagotuko dela uste da. Europan, osasun arloko gastuen % 2-4 zauriak kudeatzeko erabiltzen dira. Hala eta guztiz ere, egungo terapiak garestiak dira eta ez dituzte hain emaitza onak ematen. Orain arte, zauri kronikoak tratatzeko osasun-produktuek ezin izan dute eman azala birsortzeko eta orbainak murrizteko fidagarria den soluziorik. Hori dela eta, FORCE REPAIR ikerketa-proiektu berriaren helburua zauri kronikoen tratamenduan aurrerapausoak ematea da; horretarako, 3Dn inprimatutako funtzio anitzeko benda adimendun eta efiziente bat sortuko da, bakterioengatiko infekzioak eta inflamazioa kontrolatzeko. Biomaterialetan oinarritutako terapia berriak azaleko tentsioa gutxituko du, eta sendatze-prozesua estimulatuko, teknologia biobateragarri berritzaileak osagai aktibo birsortzaileekin konbinatuz.
FORCE REPAIR proiektuaren kontzeptuaren oinarria 3Dn inprima daitekeen azido hialuronikoz osatutako hidrogel autosendatzaile bat da (HA-Ag-DH), bakterioen kontrako ezaugarriak eta ezaugarri bioitsasgarriak dituena eta epe luzez zauriaren hezetasuna mantentzeko balio duena. Inprima daitekeen biomaterial horri esker, osagai bakoitza toki estrategikoetan kokatu ahalko da, infekzioari aurre egiteko eta inflamazioa murrizteko, ehun osasuntsuz osatutako ingurune bat sor dadin.
FORCE REPAIR proiektuko aldamio berritzailea pazienteekin erabili ahalko da, eta bakoitzaren premietara egokitu. Sendatze-prozesua estimulatu, eta zaurien tratamenduaren kudeaketa erraztuko du; ondorioz, horrekin lotutako osasun-zerbitzuen kostuak murriztu egingo dira. Gutxienez 15 egunetan zehar birsortze-efektu luzatu bat eskaintzen duenez, zaurietarako benda berriarekin nabarmen gutxituko da erizain batek bendak aldatu beharraren maiztasuna, eta berriro irekitzeko aukera gutxi dituen zauri sendatu bat lortuko da.
Zauri kronikoen tratamenduan aurrerapausoak emateaz, osasun-zerbitzuen kostuak murrizteaz eta pazienteen bizi-kalitate orokorra hobetzeaz gain, FORCE REPAIR proiektuak ekarpena egingo dio mundu-mailako garapen jasangarrirako helburuak lortzeko prozesuari. Proiektuaren helburua tinta biologikoen eta nanokapsulen produkzioa jasangarriagoa izatea da. Hori dela eta, ahalik eta energia gutxien kontsumitzea ahalbidetzen duten parametroetara egokituko da prozesua. Halaber, 3D inprimagailu pertsonalizatuaren eta harekin lotutako softwarearen bidez hondakin materialak eta energia-kontsumoa gutxitzeko soluzio digital berri bat garatuz gero, Europar Batasunak aurrea hartuko du elementu kutsatzailerik gabeko ingurune garbi bat lortzeko soluzioak ematen dituzten materialak ekoizteko lehian.
CIDETEC Nanoemdicine proiektuaren koordinatzailea eta WP1 taldeko liderra da: Bioinkaren Formulazioa, Karakterizazioa eta Probak. CIDETEC arduratuko da antibiotiko kapsulatuak eta antiinflamatorioak garatu eta ezaugarritzeaz. Horretarako, CIDETECek patentatutako teknologiak erabiliko ditu eta produktu konbinatu horien ekoizpen-prozesua garatuko du, arau-esparruaren arabera (WP6). Gainera, in vitro balidazioa egingo da zelulen erreklutamenduari eta angiogenesiari dagokienez. Azkenik, CIDETECek aktiboki prestatuko du FORCE REPAIRen zehar garatutako produktuen ustiapen-plana, eta, horrez gain, interesdunei eta proiektu osoaren zuzendaritza teknikoari jakinaraziko die.
Hasiera: 01 | 01 | 2023
Amaiera: 31 | 12 | 2027
Aurrekontua: 5.100.000 €
CIDETEC Nanomedicine (coordinator)
Akribes Biomedical GmbH
Joanneum Research Forschungsgesellschaft mbH
Betthera S.R.O.
European Wound Management Association (EWMA)
Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS)
Universite de Bordeaux (third-party)
Institut Polytehnique de Bordeaux (third-party)
Institut National de la Santé et de la Recherche Medicale (INSERM)
European Research and Project Office GmbH (EURICE)
Università degli Studi del Piemonte Orientale “Amedeo Avogadro”
Università degli Studi di Pavia
Asphalion S.L.
IDONIAL
VICOMTECH
Histocell S.L
Finantzatzaile