OSAGEN Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektua da, eta hau du helburu: birikoak ez diren bektore berriak garatzea siRNArako —«small interfering RNA» edo interferentziako RNA txikia—, biriketako minbizi ez-mikrozitikoaren terapian aplikatzeko.
Zelula osasuntsuak tumore-zelula bihurtzea eragiten duten anomalietako bat gene jakin batzuen adierazpen aberrantea da. Ildo horretan, CD47 glikoproteina kodetzen duen genea itu terapeutiko gisa identifikatu da biriketako minbizi aurreratu ez-metastasikoan (II-III estadioan). siRNAk erabiltzen dituen terapia genikoaren bidez, kaltetutako geneen adierazpena modulatu daiteke, eta gene horiek maila normaletara itzularazi. OSAGEN proiektuan, tumore-zeluletan CD47aren aurkako siRNA askatzeko balio duten bektore sintetiko berriak garatzeko egiten dugu lan.
Proiektuan, azido nukleikoak kapsulatzen dituzten materialak sintetizatzen CIDETECek duen esperientziaz baliatuta, hau lortu nahi dugu: i) siRNAren eta garraiatzaile ez-biralen arteko elkarreraginen parametro kritikoak identifikatzea, eraginkorra eta zelula osasuntsuentzat zitotoxikoa ez den sistema bat diseinatzeko; ii) In vitro transfekzioaren eraginkortasuna maximizatzea, CD47aren adierazpen-mailak blokeatzeko, eta iii) Eskalagarritasunari eta GMP inguruneetara eramateari lotutako alderdi kritikoak identifikatzea. Horren ondorioz, bektore horien ekoizpen-sistemarako, horien karakterizaziorako eta kalitate-kontrolerako, eta horiekin zelulak transferitzeko protokolo berriak ezartzea espero dugu. Aukera terapeutiko berriak sortuko ditu minbizi hori duten pazienteentzat, baina, horrez gain, sortutako emaitzak terapia geniko berriak garatzeko erabiliko dira CIDETECen.