DIGIPinta

Industria aeroespazialak Espainiako BPGd-aren % 1,5 osatzen du, eta Espainiako BPGd industrialaren % 6,8. 2021ean, Espainiako merkatuan 11.594 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, eta 50.000 pertsonari baino gehiagori eman zion enplegua. Sektoreko fakturazioaren % 10 inbertitu zuen I+Gan, Estatuko batezbestekoa baino askoz gehiago. Gainera, konpainien irabazi guztien % 45ekoa da azken 5 urteetan merkaturaturiko produktuei loturiko inbertsioen diru-itzultzea. Hala ere, berrikuntza-tasa handi horiek gorabehera, industria aeronautikoko produkzio-prozesuek beste sektore batzuetakoek (adibidez, automobilgintzakoek) baino automatizazio-maila askoz ere txikiagoa dute. Automatizazioan liderra automobilgintza da, eta atzetik ditu produktu elektronikoen fabrikazioa, osasunaren industria, eta ekipamendu- eta kontsumo-ondasunen fabrikazio-industria. Pintaketa da gehienetan eskuz egiten den sektore aeronautikoko produkzio-prozesuetako bat, eta aireontzien azaleko tratamendu guztien erdia osatzen du.
Eskuzko prozesuak erabiltzeak bi desabantaila garrantzitsu ditu: batetik, sektoreak behar dituen marjina estuetan lodiera kontrolatzeko zailtasuna eta, bestetik, langile oso kualifikatuen beharra. Bi desabantaila horiek, era berean, eragozpen hauek dakartzate: piezen birprozesatze-maila handia, kostu handiak, prozesu-denbora luzeagoak eta energia- eta pintura-kontsumo handiagoak. Hori horrela, aeronautikako pintatze-prozesua gurpil zoroan dago sartuta, eta enpresek beste industria-sektore batzuetan baino jauzi teknologiko handiagoa eman beharko dute erronka horri erantzuteko. Jauzi horretan laguntzeko asmoz, DIGIPinta proiektuak pintatze-sistema adimendun eta aurreratua diseinatzea proposatzen du, honako hauek oinarri hartuta: kontrola, hezeko pintura-geruzaren lodieren monitorizazioa eta simulazioa; horrela, efizientzia handiko eta ingurumen-inpaktu txikiko prozesu bat lortuko da.

CIDETEC-en ekarpena:

DIGIPinta proiektuaren esparruan, CIDETEC Surface Engineering enpresak, bere instalazioetan duen pintura-kabinari eta azken belaunaldiko robotari esker, parametro kritikoak eta pintatze-prozesuak zehazten lagunduko du, bai eta hezeko pintura-geruza kontrolatzeko teknikak ikertzen eta pintatze-sistemako pintatze- eta monitorizazio-ekipamenduak inplementatzen eta egiaztatzen ere. Azkenik, bazkideei proiektuaren azken fasean lagunduko die, ingurune garrantzitsuan metodo eta prozesu berriak baliozkotzen, zehazki.