26 | 01 | 2015

NANOPILOT europar ekimena abiarazi da, nanofarmakoak ekoizteko

Nanomedicine

NANOPILOT proiektuaren ordezkariak CIDETECen elkartu dira proiektua abiarazteko bilera egiteko

Joan den urtarrilaren 14an eta 15ean Nanopilot proiektua abiarazteko bilera ofiziala egin zen CIDETECen. Proiektu honen helburua oinarri polimerikoko nanofarmakoak GMP estandarren arabera (Good Manufacturing Practices) ekoiztea izango da.

Proiektua finantzatuz, guztira 6 milioi eurorekin eta 4 urtean, Europar Batasunak enpresa sarera, eta ondorioz gizartera, egiten den transferentzia teknologikoa areagotu nahi du, nanoteknologian oinarritutako farmako berrien ekoizpena eta balioztapena sustatzeko.  

Albistearen berri eman duten hainbat komunikabidetan dagoeneko argitaratu den bezala, ekoizpen hori ezin da farmako konbentzionalak produzitzeko espezializatuta eta optimizatuta dauden enpresa handien gaur egungo fabrikazio plantetan erraz ezarri. Horrez gain, enpresa eta ikerketa zentro txikiek, oro har, ez dute behar besteko baliabiderik beren nanofarmako berriak GMP estandarren arabera eskalatzeko eta fabrikatzen hasteko. Horregatik, erakunde horiek mugak aurkitzen dituzte ikerketan aurrera egiteko eta, ondorioz, hainbat gaixotasun tratatzeko nanofarmako berritzaileen garapena moteldu egiten da. 

Partzuergoko kideek CIDETECek orain dela gutxi bereganatu dituen instalazio berriak bisitatzeko aukera izan zuten. Instalazio horiek izango dira bazkideek beren produktuak fase klinikoetaraino garatzeko aukera emango dien planta pilotu berriaren eszenatokia, etapa horretara iristeko beharrezkoa baita kalitate estandar zorrotzen arabera fabrikatutako produktuen loteak edukitzea.

Ildo horretan, gainera, bilerak Medikamentuaren Agentzia Arautzaileak eskatzen dituen estandarrak betetzeko kontuan hartu beharreko espezifikazioak azaltzeko balio izan zuen, baita ere lanerako plan bat prestatzeko, partzuergoko kideek proposatutako garapen berritzaile bakoitzaren beharren arabera.

NanoPilot proiektua planta pilotuaren GMP ziurtagiria lortzea segurtatuko duen plan baten diseinuarekin hasi da, zeinak, aldi berean, nanopartikula polimerikoetan oinarritutako nanofarmakoen produkzioa ahalbidetuko duen hainbat gaitzetarako, hala nola: zistitis interstiziala edo maskuri minduaren sindromea, begi lehorren sindromea eta GIBaren aurkako txerto bat.

Ikerketei esker, CIDETECeko eta NANOPILOT proiektuko kideak nazioartean nanofarmakoen abangoardian kokatzen saiatuko dira, proposatutako helburuak bete eta gizartea hobetzen laguntzeko erronka handiari erantzukizunez helduta.

 

Partzuergoa: UT2A-ADERA (FR); National University of Ireland, Galway (IE); Santiago de Compostelako Unibertsitatea (ES); Sylentis (ES); Chemtrix (NL); iX-Factory (DE), Mejoran (ES); Spinverse (FI) eta CIDETEC (ES).

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.