07 | 06 | 2018

Mat4Rail proiektuan garatutako erretxinaren hasierako emaitzak aurkeztu dira epoxiei eta erretxinei buruz 2018ko maiatzaren 14tik 17ra egindako batzarrean

Surface Engineering

Maiatzaren 14an eman zitzaion hasiera urtean bitan egiten den Batzar Baltikoen Seriearen (BCS, Baltic Conference Series) 2018. urteko udaberriko ekitaldiari, International Association of Advanced Materials eta VBRI Sverige AB elkarteek antolatuta. Batzarra gurutzaontzi batean egin zen, Stockholmetik (Suedia) Helsinkira (Finlandia) bidean. Azken boladako teknologia eta berrikuntzetako zenbait alorretako saio paraleloak egin ziren, hala nola karbonozko materialak eta teknologia, plastikoak eta kautxuak, epoxia eta erretxinak, paperaren eta paper-orearen teknologia eta egurraren teknologia.

CIDETEC, Mat4Rail proiektuaren koordinatzailea eta WP2ren burua, epoxi eta erretxinei buruzko batzarrean izan da, hitzaldi bat ematen: “Konpositeetan oinarritutako karrozeriak eraikitzerantz: epoxi erretxinen FST propietateak hobetzen”. Hitzaldia Sandra Gómez-Fernández CIDETECeko ikertzaileak eman zuen, eta, HUNTSMAN Advanced Materials, AIMPLAS eta RISEre ekarpenei esker garatu ahal izan zuen. Lan horretan, hau laburbiltzen da: epoxi erretxinaren formulazio berri batzuen garapenean lortutako azken emaitzak, non hobetu baita sugartzea atzeratzea. Formulazio berriok aurrerago zuntzez sendotutako polimeroetan erabiltzeko dira. Zuntzez sendotutako polimero horiek, trengintzan erabiltzeko asmoz eginak izanik, EN 45545:2 “Trengintzako aplikazioak – Suaren aurkako babesa trenbideko ibilgailuetan” arau zorrotza bete behar dute. Epoxi erretxinak berez sukoiak direnez, haien formulazioa hobetu beharra dago, trengintzako araudia betetzen duten material seguru eta arinak garatu ahal izateko.

Horregatik, epoxi erretxinen propietateetan zenbait sugar-atzeratzailek duten eragina deskribatu eta eztabaidatu zen batzarrean. Propietate hauek aztertu ziren, besteak beste: beira-trantsiziozko tenperatura, hasierako ontze-tenperatura, egonkortasun termikoa, trakzio-erresistentziarekin erlazionatutako propietateak, sukoitasuna eta sugarraren zabaltzea.

Batzarrean 120 parte-hartzaile baino gehiago izan ziren. Mat4Rail proiektuko ikerketak pizten duen interes handiaren froga bikaina izan ziren haien parte-hartzea, feedbacka eta galderak.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.