04 | 02 | 2019

I-HeCobatt proiektua abiaraztea: Intelligent Heating and Cooling solutions for Enhanced range EV Battery packs

Energy Storage

Urtarrilaren 17an, I-HeCoBatt proiektu europarrak abiarazpen-bilera bat egin zuen CIDETEC Energy Storage-ren Donostiako egoitzan. i-HeCoBatt-ek 3,3M €-ko aurrekontua du, eta Europako Batzordearen H2020 programak finantzatzen du, Green Vehicles programaren bitartez.

Europan CO2 isuriak nabarmen murrizteko, ibilgailu elektrikoak masan sartu beharko dira merkatuan. Hala ere, ildo horretan oztopo batzuk daude oraindik: besteak beste, kostu handia dutela, karga-denbora luze samarrak dituztela eta, oro har, erabiltzaileek espero baino autonomia txikiagoa dutela.

Erronka horiei konponbidea emateko, baterien alorreko alderdi teknologiko batzuetan aurrera egin beharko da, eta horien artean funtsezkoa da hozte-sistema, ezinbestekoa baita bateriak ezin hobeki kudeatzeko, baina kostua eta pisua goratu ohi ditu.

Testuinguru horretan, i-HeCobatte-k efizientzia energetiko handiko sistema adimenduna garatu nahi du baterien kudeaketa termikorako, kostuak txikituta eta pisua minimizatuta, une oro jarduneko puntu optimoan funtziona dezaten bateriek, baita muturreko egoera klimatikoetan ere. 

Proiektuaren partzuergoa CIDETEC Energy Storage-k koordinatzen du, eta Europako lau herrialdetako zazpi bazkide hartzen ditu barnean (Alemania, Austria, Espainia eta Frantzia). Batez ere garapen industrialera dago bideratuta, eta bost enpresak eta bi institutu teknologikok osatzen dute. Produktura begirako orientazio horren erakusgarri, aipatu behar da AUDIk partzuergoan parte hartzen duela, eta egiazko ibilgailu elektrikoetan garatuko diren hozte-sistemak probatuko dituela, horiek baliozkotzeko.

Nabarmentzekoa da partzuergoko euskal bazkideen presentzia: DATIK, IRIZAR taldeko enpresa, operazio-datuen transferentziarekin eta hozte-sistema berritzailearen urrutiko kudeaketarekin lotutako alderdiez arduratzen da, eta CIDETEC Energy Storage bera sistema-mailako modelizazio- eta simulazio-zereginen koordinatzailea eta arduraduna da.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.