LUBGEAR proiektuak etorkizuneko hegazkin-motorrentzat engranaje eta lubrifikazio-sistema arinagoak eta eraginkorragoak diseinatzeko behar diren ezagutzak garatuko ditu.
Europako industria aeronautikoak lehiakorra izan nahi du abiazio zibilaren merkatuan, eta lidergoari eutsi nahi dio irismen labur eta ertaineko bidaiari-hegazkinen fabrikazioan. CleanSky2 programa Europar Batasunaren Horizon 2020 Ikerketa eta Berrikuntzarako programaren parte da, eta Clean Sky enpresa bateratuak (CSJU) kudeatzen du. Ekimen publiko eta pribatu horrek ikerketa eta garapen-jarduerak koordinatzen eta finantzatzen ditu, hegazkin isilagoak eta ingurumenarekiko errespetutsuagoak egiteko prozesua bizkortzeko helburuarekin. Hori lortzeko, funtsezkoa izango da motor-teknologia berritzaileak eta gero eta eraginkorragoak erabiltzea. LUBGEAR proiektua testuinguru horretan garatuko da, eta bere helburuetako bat engranaje-sistemetako marruskadura-fenomenoen ezagutzan aurrera egitea da, batez ere lubrifikazio murriztuarekin funtzionatzen dutenean, edota lubrifikazio galerarekin ere. Ezagutzaren aurrerapen horrek kanbio-kaxa eta lubrifikazio-sistema arinagoak diseinatzea ahalbidetuko du, segurtasuna arriskuan jarri gabe, eta, horrela, aireontzietako berotegi-efektuko gasen isurketak murriztuko dira.
Gaur egun, hegazkingintzan gehien erabiltzen diren motorrak turbohaizagailu eta turbohelizeak dira, biak gas turbinen erabileran oinarrituta. Europako Clean Sky2 programaren esparruan, motor horien belaunaldi berriak garatzen ari dira. Horien ezaugarri dira erregai-kontsumo baxua, eraginkortasun handia, zarata-maila txikiagoak eta CO2 emisio txikiagoak izatea. Soluzio horiek babesteko funtsezko elementuetako bat potentzia aldatzeko kutxa da, oso eraginkorra, arina, trinkoa eta fidagarria izan beharko duena. Potentzia aldatzeko kutxak asko aztertzen ohi dira, baina oraindik ez da ezagutzen diseinutik kanpo duten portaera, lubrifikazioaren aldi baterako galera kasu. Lubrifikazioaren galera engranajeen eta errodamenduen marraketaren erantzulea da. Hori gertatzen denean kanbio-kaxan kalterik gerta ez dadin, eta segurtasuna bermatzeko, hainbat irtenbide daude; besteak beste, lubrifikazio-sistema osagarria edo larrialdikoa erabiltzea edo larrialdiko hozte-sistemak erabiltzea, aireontziaren pisua handitzea dakartenak. LUBGEAR proiektuak irtenbide berritzaileak eskaini nahi ditu, engranajeen arteko marruskadura-fenomenoen ezagutza sakonagoan oinarrituta, lubrifikatzailearen hornidura murriztua dagoenean edo lubrifikazioa galtzen denean.
Proiektua Aireontzi Berritzaileen Erakusketa Plataformaren (IADP) Bidaiarien Aireontzi Handien (LPA) intereseko eremuaren parte da, Clean Sky2-ren barruan. Avio Aero Gaiaren Arduraduna da, CSJUk gaiaren arduradun gisa izendatutako kide pribatua, proiektuak Advanced Engine & Aircraft Platform erakundearen helburuak eta Clean Sky2ren helburu orokorrak betetzen lagun dezan. Avio Aero GE Hegazkingintza enpresa bat da, hegazkin zibil eta militarrentzako osagaiak eta sistemak diseinatu, fabrikatu eta mantentzen dituena. Enpresak 5000 langile baino gehiago ditu 7 ekoizpen zentrotan, Italian, Polonian eta Txekiar Errepublikan. 110 urte baino gehiagoko historiarekin, enpresa beti egon da berrikuntza teknologikoaren abangoardian, Europan fabrikazio gehigarriaren aitzindari gisa aitortua izanak erakusten duen bezala.
Proiektuan lau erakundek parte hartzen dute, CIDETEC Surface Engineering-ek koordinatuta, balio erantsi handiko azalera berrien garapenean, hala nola azalera autolubrikatuetan, duen esperientzia eskaintzen duelarik. CIDETEC esperimentuak diseinatzeaz ere arduratuko da, eta Europako Batzordeak finantzatutako proiektuen koordinazioan duen esperientzia jarriko du eskura (parte hartu duen 24 proiektuetatik 9 koordinatuz), bereziki hegazkingintzaren sektorerako (12 proiektu guztira, horietatik 5 koordinatuta). Austriako Tribologiarako Bikaintasun Zentroa (AC2T) arduratuko da datu-base bakarra sortzeko eta kontaktuak modelatzeko tresnak zabaltzeko proba-kanpaina oso bat egiteaz. AC2T Europako tribologia zentro pribatu handienetako bat da. Municheko Unibertsitate Teknikoak nazioartean ezaguna den Engranajeen Ikerketa Zentroarekin (FZG) ere parte hartzen du, engranajeen eta transmisioen diseinuan, optimizazioan eta probetan espezializatua. FZGa TRL3 mailako proba-banku batean diseinutik kanpo funtzionatzen duten etorkizun handieneko engranaje-soluzioak balioztatzeaz arduratuko da. Proiektuan, halaber, ZOERKLER Austriako enpresak ere parte hartuko du. Enpresa horrek transmisio-sistemak egiten ditu, eta urteetako esperientzia du hegazkinen eta helikopteroen motorren engranajeen diseinuan eta fabrikazioan. Proiektuan, proba-artikuluak fabrikatzea eta engranajeen diseinuan dituzten ezagutzak partekatzea izango da haien zeregina, engranajeen geometria optimizatzeko, jasangarritasuna eta eraginkortasuna hobetze aldera.