28 | 02 | 2023

Europar Batasuneko proiektu berria, FORCE REPAIR: zauri kronikoen tratamendua berritzen

Nanomedicine

Nazioarteko ikerlari talde bat 3Dn inprimatutako funtzio anitzeko benda adimendun eta efiziente bat garatzen ari da zaurietarako

Zauriak azalaren jarraitutasun anatomikoaren eta fisiologikoaren galera dira. Zauri kronikoak hiru hilabete baino gutxiagotan sendatu ohi ez diren zauriak dira (definizio klinikoaren arabera), eta mundu industrializatuko biztanleen % 2ri eragiten diote. Datozen urteotan horrelako zaurien kopurua nabarmen areagotuko dela uste da. Europan, osasun arloko gastuen % 2-4 zauriak kudeatzeko erabiltzen dira. Hala eta guztiz ere, egungo terapiak garestiak dira eta ez dituzte hain emaitza onak ematen. Orain arte, zauri kronikoak tratatzeko osasun-produktuek ezin izan dute eman azala birsortzeko eta orbainak murrizteko fidagarria den soluziorik. Hori dela eta, FORCE REPAIR ikerketa-proiektu berriaren helburua zauri kronikoen tratamenduan aurrerapausoak ematea da; horretarako, 3Dn inprimatutako funtzio anitzeko benda adimendun eta efiziente bat sortuko da, bakterioengatiko infekzioak eta inflamazioa kontrolatzeko. Biomaterialetan oinarritutako terapia berriak azaleko tentsioa gutxituko du, eta sendatze-prozesua estimulatuko, teknologia biobateragarri berritzaileak osagai aktibo birsortzaileekin konbinatuz. Europar Batasuneko zazpi estatutako 14 bazkidek hartzen dute parte proiektuan. Datozen lau urteotan, guztira 5 milioi euroko dirulaguntza jasoko du ikerketa eta berrikuntzarako Europar Batasunaren Horizon programaren eskutik.

Zauri kronikoak edozein adinetako pertsonek eduki baditzake ere, adineko pertsonek eta diabetesa eta obesitatea daukatenek horrelako zauriak izateko arrisku handiagoa dute. Zauri kronikoen kausak askotarikoak badira ere, arrazoi nagusiak hauek dira: gehiegizko inflamazioa, infekzio iraunkorrak, botikei erresistenteak diren filmak sortzea, gutxiegitasun baskularra, nerbio-sistema periferikoaren kalteak eta azaleko zelulen birsortzeko gaitasun eza. Azpiko askotariko patologiak direla eta, zaila da zauri kronikoak sendatzea, eta tratamendu eraginkor bat lortzeko ezinbestekoa da pazientean ardaztutako eta geruza anitzeko estrategia terapeutiko pertsonalizatu bat garatzea.

“Zauri kronikoen konplexutasuna kontuan hartuta, FORCE REPAIR proiektuaren ardatz nagusia zauri kroniko infektatuak dauzkaten azalen birsortze eraginkorra izango da. Hori lortu ahal izateko, honako alderdi hauek aintzat hartu beharko dira, aldi berean eta holistikoki: egonkortasun mekanikoa, infekzioen murrizketa eta ehunen birsortze gidatua. Zaurietarako benda adimendun bat garatuko dugu, 3Dn inprima daitezkeen aldamio biologiko pertsonalizatuetan oinarrituta, infekzioa murriztu, inflamazioa arindu eta azaleko tentsioa gutxitu dadin, ingurune osasuntsu bat sortuz azala sendatzea sustatzeko eta eragin birsortzaile luzatu bat eskaintzeko”, esan du proiektuaren koordinatzaileak, Espainiako CIDETEC ikerketa-erakundeko Damien Dupin jaunak.

 

 3Dn inprima daitekeen benda adimendun bat sortzea

FORCE REPAIR proiektuaren kontzeptuaren oinarria 3Dn inprima daitekeen azido hialuronikoz osatutako hidrogel autosendatzaile bat da (HA-Ag-DH), bakterioen kontrako ezaugarriak eta ezaugarri bioitsasgarriak dituena eta epe luzez zauriaren hezetasuna mantentzeko balio duena. Inprima daitekeen biomaterial horri esker, osagai bakoitza toki estrategikoetan kokatu ahalko da, infekzioari aurre egiteko eta inflamazioa murrizteko, ehun osasuntsuz osatutako ingurune bat sor dadin.

“3Dn bioinprimatzeko protokolo pertsonalizatu baten bidez inprimatuko dugu benda, neurrira egindako bioinprimagailu batekin eta tinta biologikoak darabiltzan 3D ibilbideetarako software berri batekin, diseinuaren fasetik kalitatea bermatzeko ikuspegi estrategiko bat erabilita pazienteari errazago egokitzeko benda. Helburu horrekin inprima daitekeen HA-Ag-DH material berean oinarritutako hiru tinta biologiko desberdin estrategikoki kokatuko dira bendan, zauriari hiru modutan heltzeko: Lehenengo tinta biologiko antibiotikoa zauriarekin kontaktuan kokatuko da, lehenbailehen aurre egiteko infekzioari; bigarren tinta biologiko antiinflamatorioa azpiko geruza gisa kontzentratuko da, inflamazioa kontrolatzeko, eta tinta biologiko birsortzailea 3Dn inprimatutako aldamioaren erdigunean kokatuko da batik bat. Horrez gain, argi ultramore bidezko tratamendu azkar batekin indar uzkurkorra eragingo da, zauriaren tentsioa gutxitzeko eta hura ixteko prozesua azkartzeko”, azaldu du Dupin jaunak.

 

Zaurien tratamenduen kudeaketa erraztea eta osasun-zerbitzuen kostuak murriztea

FORCE REPAIR proiektuko aldamio berritzailea pazienteekin erabili ahalko da, eta bakoitzaren premietara egokitu. Sendatze-prozesua estimulatu, eta zaurien tratamenduaren kudeaketa erraztuko du; ondorioz, horrekin lotutako osasun-zerbitzuen kostuak murriztu egingo dira. Gutxienez 15 egunetan zehar birsortze-efektu luzatu bat eskaintzen duenez, zaurietarako benda berriarekin nabarmen gutxituko da erizain batek bendak aldatu beharraren maiztasuna, eta berriro irekitzeko aukera gutxi dituen zauri sendatu bat lortuko da.

Zauri kronikoen tratamenduan aurrerapausoak emateaz, osasun-zerbitzuen kostuak murrizteaz eta pazienteen bizi-kalitate orokorra hobetzeaz gain, FORCE REPAIR proiektuak ekarpena egingo dio mundu-mailako garapen jasangarrirako helburuak lortzeko prozesuari. Proiektuaren helburua tinta biologikoen eta nanokapsulen produkzioa jasangarriagoa izatea da. Hori dela eta, ahalik eta energia gutxien kontsumitzea ahalbidetzen duten parametroetara egokituko da prozesua. Halaber, 3D inprimagailu pertsonalizatuaren eta harekin lotutako softwarearen bidez hondakin materialak eta energia-kontsumoa gutxitzeko soluzio digital berri bat garatuz gero, Europar Batasunak aurrea hartuko du elementu kutsatzailerik gabeko ingurune garbi bat lortzeko soluzioak ematen dituzten materialak ekoizteko lehian.

FORCE REPAIR proiektuan Europa osoko diziplina anitzeko 14 bazkidek hartzen dute parte, ahaleginak, ezagutza eta zaurien kudeaketan duten eskarmentua partekatu eta koordinatzeko. Mekanismo biologiko, zelular eta immunologikoen, biomaterialen diseinuaren, 3Dko fabrikazio gehigarriaren, digitalizazioaren, erregulazioaren eta negozioen arloko adituek osatzen dute partzuergoa.

Lotutako albisteak

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.