05 | 05 | 2021

Europar Batasunaren E-MAGIC proiektuak frogatzen du bideragarriak direla magnesiozko poltsa erako kargatzeko bateria-gelaxkak

Energy Storage

Magnesioa anodo-material esperantzagarri gisa identifikatu dute litiorik gabeko kargatzeko bateria-gelaxkak egiteko, eta abantaila esanguratsuak aurreikusten dituzte, dela energia-dentsitateari dagokionez, dela kostuari begira. Izan ere, magnesioa anodo gisa baliatzen duten bateriak gai dira energia bolumetrikoko dentsitate handia eskaintzeko, egungo baterien teknologiarekin alderatuz gero.

Hori horrela, E-MAGIC proiektuak potentzial horri heltzen dio, eta magnesiozko kargatzeko bateriak garatzen ditu (RMB, Rechargeable Magnesium Battery), Mg-ioi (txertaketa) eta MgS (konbertsioa) teknologietan oinarriturik.

E-MAGIC partzuergoa sei herrialdetako hamar bazkidek osatzen dute. Hala, magnesiozko baterien alorreko zientzialaririk kualifikatuenetako hainbat elkartzen ditu, eta, guztien artean, nazioarteko eta hainbat diziplinatako lankidetza bermatzen dute. Hauek dira egitasmoan parte hartzen duten bazkideak: Bar Ilango Unibertsitatea, Energia Atomikoaren eta Energia Alternatiboen Batzordea (CEA), CSOC, Karlsruheko Teknologia Institutua, Danimarkako Unibertsitate Teknikoa, Alemaniako Zentro Aeroespaziala, Cambridgeko Unibertsitatea, Technion Israel eta Abengoa Innovación. CIDETEC Energy Storage da komunitate horren buru, eta Alberto Blázquez eta Ana Fernández Barquín dira egitasmoaren koordinatzaileak.

E-MAGIC proiektuaren helburu nagusiak dira, alde batetik, magnesio-energia biltegiratzeko teknologien Europako komunitate bat sortzea eta egituratzea, eta, bestetik, ikuspegi zientifiko eta tekniko disruptibo bat garatzea magnesiozko kargatzeko baterien belaunaldi berrirako –dentsitate energetiko handikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak–, magnesiozko pilen teknologia berriak baliozkotzea ere barnean harturik.

Hartara, CEA eta CIDETEC lanean ari dira magnesio-ioi poltsa erako baterien bideragarritasuna erakusteko. 1. irudian ikusten den moduan, oso esperantzagarriak dira poltsa-erako bateria-gelaxka hauen lehendabiziko emaitzak. Dagoeneko 25 Wh/kg-ko energia-dentsitatea lortu da 500 ziklotarako baino gehiagotarako. Horretaz gainera, espero da material eta elektrolito-sistema berriekin eginiko hurrengo prototipoek 150 Wh/kg-rainoko energia-dentsitatea lortuko dutela (dagoeneko egin dira prototipo horiek proiektu honen barruan).

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.