30 | 08 | 2023

Europako GR4FITE3 proiektuaren bidez baterietarako grafitoaren hornidura-prozesu jasangarri bat ezarriko da

Energy Storage

CIDETEC Energy Storage partaide gisa daukan proiektu horren helburua litio-ioizko baterien anodoetan grafito-erresilientzia lortzea da, muturretik muturrerako hornidura-kate europar jasangarri baten bidez

 

Hasieratik, Europa aitzindaria izan da energia ekoizteko teknologia berdearen arloan. Hala eta guztiz ere, litio-ioizko bateriei dagokienez, Europan baliabide oso mugatuak edukitzeaz gain, industria horrek indarra galdu zuen baterien hornidura-kateak garatu zirenean.

Europar Batasunaren 4 urteko GR4FITE3 proiektuaren bidez, baterietarako grafitoaren hornidura-prozesu ekologiko bat ezarri nahi da litio-ioizko baterien merkatuan, ibilgailu elektrikoetarako nahiz erabilera komertzialetarako.

GR4FITE3 proiektuaren ardatz nagusia grafito naturala ekoiztea izango da, baina, horrez gain, litio-ioizko baterien anodoetako grafito sintetikoa berreskuratu, “sendatu” eta berrerabiltzeko teknologia bideragarri bat garatu eta frogatuko du. Material hori kantitate handitan dago eskuragarri Europan, Asian fabrikatuta dauden eta jada erabiltzen diren baterien barruan.

Horrenbestez, anodoetarako grafitoaren iturburuak honako hauek izango dira: birziklatzeko teknologien bidez berreskuratutako grafito sintetikoaren nahasketak dituen material merkea, eta Europan ateratako grafito naturala, behar bezala tratatua. Bi material gordin horien konbinazioa baterien anodoetan erabiliko da lehen aldiz Europan.

Asmo handiko helburu horiek lortzeko, 6 herrialdetako 10 erakundek hartuko dute parte Europar Batasunak diruz lagundutako proiektuan: 3 industriak eta enpresa txiki eta ertainek, industriaren arloko 6 erakundek eta unibertsitate batek. Bazkide horietako hiru Ukrainan daude kokatuta, Zavalievsky grafito-meatzean zehazki; izan ere, material anodikoa ekoizteko Europa kontinentaleko meatze handienetako bat baita. Partzuergo horrekin, berrikuntza eta kostu-lehiakortasuna lortuko dira, anodoetarako grafitoaren eta baterien hornidura-katea, logistika eta errendimenduari dagokionez, Europako ekipamendu originalen fabrikatzaileen (OEM) beharretara hobeto egokitzen dela frogatzeko.

Proiektua abiarazteko bileran ezagutu zuten elkar bazkideek lehen aldiz; RINA-c koordinatzaileak 2023ko maiatzean Milanen antolatutako bileran, hain zuzen.

 

GR4FITE3 proiektuak Europar Batasunaren Horizon ikerketa eta berrikuntza programaren diru-laguntza jaso du (diruz laguntzeko 101103752 akordioa).

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.