12 | 06 | 2014

Europako Batzordeak “Success Story” gisa nabarmendu du CIDETEC-ek zuzentzen duen ikerketa-proiektu bat

Energy Storage

ORION proiektuan, material-familia berria garatu da nanomaterial inorganikoak eta likido ionikoak uztartuz, energia bilketa eta sorkuntzaren alorretan aplikatzeko.

CIDETEC-ek zuzentzen duen ORION (Ordered Inorganic-Organic Hybrids using Ionic Liquids for Emerging Applications) proiektua “Success Story” gisa nabarmendu berri du Europako Batzordeak. Planteatutako helburu zientifiko-teknikoetan izandako arrakastak ahalbidetu du aitorpen hori, orain arte onartutako proiektuen artean % 2k baino lortu ez duena. 

 

ORION proiektuaren helburu nagusia material hibridoen familia berria garatzea izan da, nanomaterial inorganikoen eta likido ionikoen uztarketan oinarrituta. Ikerketak material horien sorkuntza izan du ardatz energia bilketa eta sorkuntzaren alorretan aplikagarri izan daitezen, eta aurrerapen nabarmenak lortu ditu litio-ioi bateriak edo teknologia fotovoltaikoetan. Zentzu horretan, proiektuaren esparruan garatutako materialek baterien gaitasuna zein kargatze-abiadura areagotzea ahalbidetu dute, eta horrek, ondorioz, abantaila handia ekarriko du gailu mugikorretan edo ibilgailu elektrikoetarako aplikazioetan. Fotovoltaikoaren alorrean, material horiek koloragarrietan oinarritutako modulu fotovoltaikoak (Dye-sensitized Solar Cells) fabrikatzeko erabili izan dira, 10.000 ordutik gorako iraupenekin degradazio azeleratuko saiakeretan, eta horrek % 30etik gorako hobekuntza dakar goi-mailako teknologia egoerarekiko. Gainera, perovskitetan oinarritutako eguzki-zelulak garatzen lagundu dute, alegia, fotovoltaikoaren alorra irauli berri duten materialak, eta % 15eko efizientziak lortu dituzte, hirugarren belaunaldiko teknologia fotovoltaikoen buruan jartzearekin batera. Bigarren belaunaldiko teknologia fotovoltaikoen bitartez lortutako efizientzien pare jartzeak, erdieroale-xafla meheetan oinarrituta, baina kostu ekonomiko eta energetiko askoz txikiagoarekin, aurrerapauso nabarmena ekarri du teknologia fotovoltaiko honen merkaturako bidean.

 

Emaitzen eragina

ORION proiektuaren eragin zientifiko-teknologikoaren adierazle argi gisa, nabarmentzekoak dira dagoeneko izapidetu diren 11 patente-eskariak, baita izen handiko zientzia-aldizkarietan izandako 75 argitalpen baino gehiago ere, hala nola Nature PhotonicsNanoLetters edo Advanced Materials-en. Era berean, Cegasa (Espainia), Johnson Matthey (Erresuma Batua), Fiat (Italia), Solvionic (Frantzia) eta Solaronix (Suitza) bezalako sozio industrialen katalogoetan garatutako produktuak sartu izana ORION proiektuaren baitan lortutako aurrerapen zientifiko-teknikoek izandako eragin sozio-ekonomikoaren erakusle garbia da. Gainera, garrantzitsua da nabarmentzea Centro Ricerche Fiat zentroak automobilgintzako osagarrien gaineko erakusleen eraikuntzari ekin diola, proiektuan garatutako eguzki-zelulak eta bateriak konbinatzen dituztenak. Zehazki, itsualdien aurkako atzerako ispilua eta autoko ateak zabaltzean pizten den kortesiazko argia egin dituzte.

 

CIDETEC-eko Energiarako Materialen Unitatearen arduradun eta proiektuaren koordinatzaile den Ramon Tena-Zaera doktorearen hitzetan, “nanomaterial inorganikoen eta molekula organikoen uztarketa gidatuak kimika bakoitzaren abantaila nagusiak modu bateragarrian bateratzea ahalbidetzen du, material berean. Zentzu horretan, ORION proiektuan lortutako emaitzek sobera bete dituzte ezarritako helburuak, eta etorkizuneko garapenetarako bide aberatsak zabaldu dituzte ekoizpenarekin, bilketarekin eta eraginkortasun energetikoarekin lotutako alorretan”.

 

Proiektuaren xehetasunak

  • Akronimoa: ORION
  • Koordinatzailea: CIDETEC
  • Partaideak: IMEC, CRF, WWU Münster, EPFL, Valentziako unib., Jaume I unib., Solaronix, CNRS, CEA Nanoco Technologies, CNR, Univ. Mons, Solvionic, J. Heyrovský Institute, Cegasa, Johnson Matthey
  • Aurrekontua: 9.750.049 €
  •  EB-ren ekarpena: 6.896.960 €
  • Iraupena: 2010eko urria – 2013ko iraila

 

Proiektuaren webgunea:

https://cidetec.es/ORION/index.html

 

Europako Batasunaren artikulua:

http://ec.europa.eu/research/infocentre/article_en.cfm?artid=32202

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.