14 | 03 | 2023

Etorkizun irmo baten aldeko apustua

Energy Storage

Hordago hitza museko jokaldi baten izena da. Partida irabazteko, guztia eskualdi bakarrean jokatzea esan nahi du. Energia biltegiratzeko sistemen munduan, batez ere elektromugikortasunaren arloan, komunitate zientifikoak hordago bat bota du egoera solidoko bateriei dagokienez (Solid-State Batteries, SSB), merkatuko erronka handi guztiei erantzun ahal izateko: bateria txikiagoak, seguruagoak eta biltegiratzeko ahalmen handia dutenak. Birziklatzeko aukera ahaztu gabe.

Gaur egun, Li-ion bateria gehienek elektrolito likido oso efiziente bat daukate, baina sukoia da. Beste material batzuei erreparatuz gero, litio metalikoak grafitoak baino hamar bider litio gehiago biltegira dezake, eta tentsio handiko katodoekin eta elektrolito solido batekin konbinatuz gero, dentsitate energetiko handiak lor daitezke. Materialen konbinazio paregabe hori arrakastatsua bada, jokoaren arauak aldatuko dira, eta egoera solidoko bateriak egongo dira jomugan.

CIDETEC Energy Storage-n, hiru lerrotan ardazten dugu egoera solidoko baterien inguruko jarduna, eta teknologiaren aldeko apustu irmoa egin dugu 2016az geroztik: litiozko ioiak (Li-ion SSB), litio metalikozko bateriak (Li-metal SSB) eta anodorik gabeko bateriak (Anode-free SSB).  Gure ustez, ikuspegi holistiko bat behar da helburu guztiak lortzeko. Horretarako, ahalik eta gehien optimizatu behar da material eta osagai bakoitza (anodoa, elektrolitoa eta katodoa), baita gelaxkaren konfigurazioa eta prozesagarritasuna ere. Zehazki, gure estrategiaren ardatz nagusia da aldi berean eta sinergikoki garatzea elektrolito solido iraunkor eta seguruak (hibridoak eta erdisolidoak), ahalmen energetiko handia duten eta egoera solidoko baterietarako espresuki diseinatuta dauden elektrodoak (oso energetikoak badira ere arazoak ematen dituzten material aktiboak erabiltzeko aukera ematen dutenak) eta osagai bakoitzaren eskalagarritasuna (benetakoa). Horretarako, errendimendu handiko osagaiak hautatzeaz gain, ekonomikoki bideragarriak nahiz prozesatzeko errazak (funtzionalak) diren eta ingurunean eragin txikia duten osagaiak hautatzen dira, haien bigarren bizitzan eta birziklatzeko aukeran pentsatuz.

CIDETEC Energy Storagetik teknologia honen merkaturako sarrera azkartzearen aldeko apustua egiten dugu, datozen urteetarako proiektu, inbertsio eta berrikuntza handiekin.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.