24 | 09 | 2020

Espainiako lau zentro teknologikok, CIDETEC barne, 3,9 milioi euroko I+G proiektu estrategiko bat jarri dute abian, gainazalen zientzian eta ingeniaritzan Europako abangoardian kokatzeko helburuarekin

Surface Engineering

Industriaren munduan asko erabiltzen diren teknologia aurreratuen multzo bat hartzen du barne gainazalen ingeniaritzak.

Zentro teknologikoen talde horren burua Asociación de la Industria Navarra elkartea da, eta Asturiaseko IDONIAL fundazioak eta Euskadiko TEKNIKER fundazioak eta CIDETEC Surface Engineering erakundeak osatzen dute. Taldeak 3,9 milioi euroko laguntza bat jaso du gainazalen eta materialen tratamendurako teknologia eta ingeniaritzan oinarritutako sare bat osatzeko, ezagutzaren arlo horretan Europako abangoardian kokatzeko helburuarekin. Laguntza hori CDTI zentroak sustatutako CERVERA programaren baitan eman da, eta 2020tik 2022rako epean egikaritu beharko da.

Industriaren munduan nahiz eguneroko bizitzako hainbat objektutan asko erabiltzen diren teknologia aurreratuen multzo bat hartzen du barne gainazalen ingeniaritzak. Ate baten heldulekutik hasi eta ordenagailu sofistikatuetaraino, askotariko objektuak funtzionalitatea hobetzen eta balioa areagotzen duten gainazal-estaldurez inpregnatuta daude. Halaber, mikrobioen eta birusen aurkako gainazalak diseinatzeko aukera dago, material eta mikroegitura egokiak konbinatuz gero.

Prozesu industrial ugari daude gainazalak estaltzeaz eta funtzionalitatea emateaz arduratzen direnak, askotariko estrategiak erabilita. Hori horrela, Inpaktu ekonomiko eta sozial handiko industria-sektoreetan aplikatzeko gainazalei funtzionalitatea emateko teknologia bikainen sarea (CER-20191003) izeneko proiektuaren helburu nagusia gainazalen tratamendurako teknologia berrienak ikertzea da, balio erantsi handiko industria-sektoreetan aplikatzeko.

Horretarako, proiektua garatzeko ardatza trakzio-teknologia jakin batzuk izango dira, berritzaileak direnez eta inpaktu handia izateko gaitasuna dutenez, industrien arteko transferentziarako eta gizarteari onurak ekartzeko aukera gehiago ematen dituztelako. Teknologia horiek, zehazki, honako hauek dira: potentzia altuko PVD faseko estaldurak; mikro eta nanoegituraketarako teknologiak, hala nola nanoinprimaketarako litografia (NIL) eta laser bidezko ablazioa (LS); molekulak kontrolatzeko estaldurak, eta teknologia elektrokimiko aurreratu eta jasangarria.

Proiektuaren asmoa aipatutako teknologiak ikertuz ezagutza berriak sortzea da eta, ondorengo fase batean, garapen horiek instalazio pilotu batera eramateko eta hautatutako zenbait erabilera industrialetara egokitzeko estrategiak ezartzea. Zehazki, prozesu berriak ezarriko dira honako hauek lortzeko: geruza bereziki gogorrak, makina-erreminta sektorerako; korrosioarekiko erresistentzia altua duten gainazal apaingarri eta funtzionalak, garraioaren, energia berriztagarrien edo gailu medikuen sektoreetarako, eta, azkenik, sistema biologikoetan inspiratutako geruza/gainazal aktiboak, sentsoreetan eta eremu optikoan aplikatzeko.

Gainera, proiektu horrek talentua eta ezagutza berriak erakarriko ditu eskualde hauetara, nazioartean eskarmentua duten ikertzaile berriei, industriaren I+G arloan pertsona gehiago kontratatzeari, nazioarteko aldizkarietan artikuluak argitaratzeari eta Europako programen bidez diru-laguntza gehiago lortzeari esker.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.