04 | 02 | 2025

Energia-biltegiratzea eraldatzera datorren ATENA+ proiektu berria

Energy Storage

EBk finantzatutako ATENA+ proiektuak 2025eko urtarrilaren 22an eta 23an egin zuen inaugurazio-bilera Saften instalazioetan, Frantziako Bordele hirian. Ekitaldi horrekin hasi zuten, ofizialki, lau urteko ekimena. Errendimendu handiko sodio-ioizko bateria jasangarrien teknologia erabiliz energia biltegiratzeko sistemak iraultzera bideratuta dago.
ATENA+ proiektuak Europako industriaren lehiakortasuna hobetzea du helburu, eta, horretarako, hurrengo belaunaldiko sodio-ioizko bateriak (SIBak) garatu eta probatu nahi ditu. Bateria horiek errentagarritasuna, segurtasuna, jasangarritasuna eta eskalagarritasuna kontuan hartuta diseinatuko dira.

Proiektuaren funtsezko helburuen artean daude:

  • Material aurreratuak optimizatzea, hala nola kobaltorik gabeko oxido estratifikatuak eta EBtik datorren jatorri biologikoko karbono gogorra.
  • Ingurumena errespetatzen duten prozesuak garatzea errendimendu handiko elektrodoak ekoizteko.
  • Bateriak kudeatzeko sistema aurreratuak (BMSak) txertatuta dituzten SIB moduluak fabrikatu eta horiekin probak egitea.
  • Sistemaren errendimendua baliozkotzea energia aztertu duten mundu errealeko bost kasutan.

Hasiera dinamikoa Saften instalazioetan


Partzuergoko 12 bazkideen ordezkariak bildu ziren bi eguneko bileran, horien artean ikerkuntza-erakundeetako kideak (CIDETEC Energy Storage, ZSW, RISE, VITO); industriako liderrak (SAFT, TOPSOE, STORAENSO, ELYTE, IBERDROLA, LCE, ENGREEN), eta Europa osoko politiketako adituak (ICONS). Proiektua EBko Itun Berdearekin eta kimikako, modulu-garapeneko eta jasangarritasuneko aurrerapen teknikoekin estrategikoki bat etortzearen inguruan eztabaidatu zuten.

Era berean, partaideek Saften instalazio berritzaileak bisitatzeko aukera izan zuten. Baterientzako osagai aurreratuak fabrikatu eta manipulatzen dituzte bertan, ingurune kontrolatuetan. Berrikuntza-inkubagailua ere ikusi zuten. Azken belaunaldiko gune horretan, espezialisten lantaldeak prototipo funtzionalak eta 3D ereduak diseinatu eta garatzen ditu. Prototipo horiei proba zorrotzak egiten dizkiete simulatutako baldintzetan (tenperatura-, hezetasun- eta bibrazio-gorabeheren pean), baterien errendimendua eta fidagarritasuna ebaluatu eta hobetzeko.

Aurrera begira


CIDETEC Energy Storageko ordezkari J. Alberto Blázquez da proiektuaren koordinatzailea. Haren esanetan: «Safteko ordezkari Sylvie Herreyre eta biok koordinatzaile garela, proiektuak erakunde liderrak inplikatzen ditu, energia biltegiratu eta garraiatzeko aplikazioetarako SIB gelaxkak eta moduluak fabrikatu eta baliozkotzeko xedearekin. Ekimenean, errendimendua, segurtasuna eta iraupena hobetzeko material berritzaileak, prozesu ekologikoak eta abangoardiako diseinuak erakutsiko dira».


Dirulaguntzei eta finantzaketari buruzko xehetasunak


ATENA+ (sodio-ioizko baterietan energia geldikorra biltegiratzeko sistemetarako teknologia aurreratua) proiektuak 6.999.684,64 euroko dirulaguntza du guztira (101192673 zenbakiko dirulaguntza-ituna), eta 48 hilabeteko iraupena izango duen ahalegin kolaboratiboa da.

Erantzukizun-deskargua:
Europar Batasunak finantzatua. Adierazitako iritziak eta ikuspuntuak egileenak dira, ez beste inorenak, eta ez dute nahitaez bat etorri behar Europar Batasunak edo CINEAk dituztenekin. Europar Batasunak eta agintaritza laguntza-emaileak ez dute iritzi eta ikuspuntu horien gaineko erantzukizunik izango.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.