Aitziber López Elorza doktoreak, CIDETEC Nanomedicine-ren izenean,”Skin-responsive smart nanocapsules for triggered release of active ingredients in damaged skin” lana aurkeztu du 30. IFSCC CONGRESS biltzarrean. Munichen izan da biltzarra, irailaren 18tik 21era bitartean, International Federation of Societies of Cosmetic Chemists erakundeak antolatuta, eta mundu osoko 1.500 ordezkari baino gehiago elkartu dira lau egunez. Zientzia kosmetikoaren alorreko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da; 90 hitzaldi eta 400 poster baino gehiago aurkeztu dira. Horrez gain, biltzarrak aukera ematen du merkatuko joera berriak ezagutzeko eta sektoreko punta-puntako enpresekin harremanak izateko.
Nanomedicine
Joan den irailaren 4an, Pepticaps kontsortzioak bilera egin zuen Bruselan, Europako Batzordearen aurrean, proiektuaren azken berrikuspena egiteko (urriaren hasieran amaituko da).
Batzordearen ustez, arrakasta izan du proiektuak; izan ere, haren baitan azalaren beharrei erantzuteko gai diren kapsula adimendunak garatu dira kosmetika-sektorerako.
Kontsortzioa CIDETECek koordinatu du, eta taldea osatu dute beste lau ikerketa-zentrok (Burdeoseko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Claude Bernard Lyon I Unibertsitatea eta Mario Negri Ikerketa Farmakologikoko Institutua), bi enpresak (Polypeptide Therapeutic Solutions SL eta AHAVA) eta Spinverse y Angel Consulting aholkularitzak.
Duela hiru urte jarri zen martxan proiektua, teknologia garatzeko helburuarekin, eta, aldi hori pasatu ondoren, baliozkotu eta produkziora eraman ahal izan da CIDETECek horretarako prestatu duen lantegi pilotuan.
Lortutako produktuak EMISSARY markarekin merkaturatuko dira, berariaz horretarako sortu den eta izen horixe duen enpresa berri baten bidez.
CIDETECen egin da CATSENSE sarearen batzorde gainbegiralearen azken bilera
CIDETEC zentroa ITN CATSENSE sarearen batzorde gainbegiraleko aholkularia da, eta azaroaren 27an eta 28an egin zen batzorde horren amaierako bilera.
Fase gaseosotik eratorritako kluster metalikoetan oinarritutako katalizatzaileak eta biosentsoreak eraikitzea izan da Catsenseren helburua. Catsense sareak ikertzaile gazteak nanoteknologian trebatzen ditu, prestazio handiko nanomaterial berriei buruzko ezagutza bizkorrago lortzeko asmoz. FP7ko Marie-Curie Initial Training Network (ITN) programak finantzatzen du (grant agreement number: 607417). 2014an hasi ziren lanean, eta, hiru urte hauetan, sektoreko ezagutza sakondu egin da, eta areagotu egin dira lankidetzak proiektuan parte hartu duten zentroen eta industrien artean: Lovainako Unibertsitatea, Birminghamgo Unibertsitatea, Danimarkako Unibertsitate Teknikoa, Milan-Bicoccako Unibertsitatea, Tel Aviveko Unibertsitatea, Milango Unibertsitatea, eta Teer Coatings eta Johnson Matthey enpresak.
Ikasleek, trebatzeko, bi hilabeteko egonaldiak (secondments) egin dituzte, txandaka, proiektuan parte hartu duten zentroetan. Hala, klusterrak prestatzeko metodo fisikoak landu dituzte, eta, orobat, karakterizazio-metodoak, teknika elektrokimikoak, katalizatzaileen garapena, sentsoreak, elektronika inprimatua, etab. Ezagutzaren eta industria-sektoreko aplikazioen alderdi zabala ikusi dute.
CIDETECeko Sentsoreen Unitateak partzuergo horretan parte hartu du hiru urte horietan, kluster metalikoek sentsoregintzan duten aplikazioei buruzko aholkua emanez. CIDETECek, bileretan ez ezik, sarearen udako eskoletan ere hartu du parte, eta elektronika inprimatuari eta biosentsoreei buruzko trebakuntza eman zien doktoregai gazteei. Halaber, elektrodo serigrafiatuak fabrikatu ditu, eta sareari hornitu dizkio; haietan, urrezko nanoklusterren nanogeruzak jarri dira, eta etorkizun oparoko emaitzak lortu dira zenbait aplikaziotan.
Catsenseren batzorde gainbegiralearen azken bilera honetan, CIDETECen egoitzan, proiektuaren helburuak egoki bete direla ikusi da. Halaber, aztertu da garatutako klusterren etorkizun handieneko aplikazioak zein diren, ikerketa honek zer ustiatze-aukera dituen, eta ea beste esparru batzuetan garatzen jarrai daitekeen.
CIDETEC Nanomedicine erakundeak parte hartu zuen Nanomedikuntzako Europako Plataformaren (ETPN) urteroko Biltzarrean
Urriaren 17tik 19ra bitartean, Nanomedikuntzako Europako Plataformak urteroko batzarra eta biltzar irekia egin zituen Torremolinosen. Aurten, bertan aurkeztu ziren Translational Hub-en izaniko aurrerapenik garrantzitsuenak eta Nanomedikuntzaren eremuan Europan abian dauden proiektu nagusien garapena.
Edizio honetan, berak gidatzen dituen bi proiektu aurkeztu ditu CIDETEC Nanomedicine erakundeak. NanoPilot proiektua, Translational Hub-en barnean, eta PneumoNP proiektua. Azken hori 2017an amaituko da, 4 urteko ibilbidearen ondoren.
PneumoNP proiektuaren helburua soluzio teragnostiko berriak garatzea da, bakterio gram-negatibo erresistenteek eraginiko pneumoniak tratatzeko. Proiektuak agerian jarri du onuragarria dela polimeroz eginiko nanopartikulak erabiltzea arnastuta hartzen diren antibiotikoen eragina hobetzeko. Era berean, diagnosia egiteko kit berri bat garatu du bakteria erresistenteak antzemateko. Kit horrek jada CE marka du.
PneumoNP proiektuari buruzko informazio gehiago hemen:
https://www.labsexplorer.com/site/pneumonp_3
Biltzarrari buruzko informazio gehiago:
Nanomedikuntzaren garai berri bat du aurrean CIDETEk
Bi hamarkada luzez nanomedikuntzan egindako oinarrizko ikerketa trinkoak ondo erakutsi du zer muga eta onura dituen biomedikuntzaren alorrean nonoteknologia erabiltzeak.
Ekimen publikoak eta pribatuak sustatu dira nanomedikuntzako oinarrizko ezagutza produktu berrietara pasatzea eragozten duten zailtasun teknikoak gainditzeko. Une honetan, baina, funtsezkoa da nanoteknologoen, klinika-medikuen, araugileen eta farmazia-industrien arreta erakartzea, lan-mahaitik praktikara pasatzeko.
Hori izan da nanomedikuntza translazionaleko 2. lantegiaren helburua, zeina CIDETEC Nanomedicinek antolatu baitu EBk sortutako NanoPilot proiektuaren esparruan. Bi egunez, 25 hitzalditara joan dira entzuleak. Haietan, zenbait alderdi landu dituzte gai hauei buruz: nola egon prest ikerketa translazionala egiteko garapenaren hasierako fasean, fabrikazio-teknologia berriak, karakterizazio aurreratua eta araugintza.
Aukera izan genuen César Hernándezekin araugintzari buruz ikasteko (Giza erabilerako medikamentuen saileko burua da). Pilar Calvok (Pharmamar) eta Gemma Lahuertak (Reig Jofre) farmazia-industria ren etorkizuna eta translazioaren funtsezko alderdiak azaldu zizkiguten. Patrick Boisseauk Europako Nanomedikuntza Plataformak nanomedikuntza sustatzeko dituen ekimenak aurkeztu zizkigun, eta orobat ikasi genuen zuzenean lehen mailako ikertzaile batzuen eskutik: Abhay Pandit, Irlandako Unibertsitate Nazionalekoa (Galway) eta Simó Schwartz, Bartzelonako Vall d’Hebroneko Ikerketa Institutukoa)
Bertaratu zirenek aukera izan zuten mikrofluidoen esparruko erakustaldi batean parte hartzeko eta CIDETECen medikuntzako ikerketa-produktuak fabrikatzeko eraiki den lantegi pilotu berria ikusteko.