18 | 01 | 2023

Emakumeak zientzian, gizarte osoaren onurarako

Korporatiboa

Hogeita lau euskal erakundek elkarrekin antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioa.

  Edizio honen helburu nagusia da gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasunak duen garrantzia azpimarratzea, guztion artean zientzia eta teknologia berdinzaleagoa sustatzeko.

 

Bilbo / Donostia, 2023ko urtarrilaren 18a. Hogeita lau euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiko dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo diren jardueren programa antolatzeko. 

Gainera, aurten, erakundeek ahalegin berezia egin nahi dute daukagun talentu guztia esparru zientifiko-teknologikora erakartzeko, horrela lehenago iritsiko baitira gizarte gisa ditugun erronka handietarako irtenbideak. Ildo horretatik, “azpimarratu nahi dugu emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa dela pertsona guztientzat sarbide eta garapen profesional berdinzalea bultzatzeko”, adierazi dute Emakumeak Zientzian proiektuko antolakuntzatik. Horregatik, “deialdi berezi bat egin nahi dugu aurten, eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu, edozein dela ere generoa, nortasuna, lanbidea edo adina, ekintzetan parte hartzera”, gaineratu dute.

Batik bat otsailaren 8tik 17ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren jarduerak. 50 ekintza eta sorpresa baino gehiagoko programa zabala diseinatu dute. Hainbat zentro berri gehitu direnez proiektura, era askotako ikerketa-eremuak jorratuko dira, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko. Gainera, edizio honetan, Bizkaiko erakundeen parte-hartzeari esker, eremu geografikoa zabaldu da eta ekintzak Gipuzkoan eta Bizkaian egingo dira, hiriburuetan batez ere.

Motorrak berotzeko, aurten jai-giroan hasiko da Emakumeak Zientzian, otsailaren 8an Donostian. Bertan, ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten emakumezko zientzialari eta teknologo guztiak omenduko dira. Ekitaldi berean, eta berritasun gisa, Janus Lester artistak eta kausaren aliatuak osatutako Emakumeak Zientzian himnoa aurkeztuko da. Ekimenari erritmo alaia emango dion ereserkia, eta, era berean, aliatu berriei eskua emateko eta erantzukizunak partekatzeko balioko duena.

Egun horretatik aurrera, Gipuzkoan eta Bizkaian, nerabeentzako ingeniaritza- eta nanozientzia-tailerrak izango dira, eta eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitatzeko aukera izango dute; baita irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren eredu errealak aurkezteko helburuarekin horiek guztiak. Eskola-eskaintzarekin bat egiten duen aurtengo berrikuntzetako bat Eskolara itzulera jarduera da. Jarduera horren bidez, ikastetxeek aukera izango dute gure ikertzaileak beren geletara hurbiltzeko. Familientzako, berriz, Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jokoa, eta Ginkana zientifiko dibertigarriak, besteak beste. Halaber, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko. Esperientziaren boterea izenburua du ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietara eta gure inguruneetara zabaltzeko. Bestalde, publiko orokorrarentzako Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Hainbat ikerketa-zentrotan lan egiten duten zenbait emakumezko igoko dira oholtzara, beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emanez. 

Jarduera-programa gaurtik aurrera egongo da eskuragarri www.emakumeakzientzian.eus webgunean, eta dagoeneko irekita dago ekintzetan izena emateko epea.

7. edizio honetan parte hartzen duten 24 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira Euskadin: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak –  Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea.

Emakumeak Zientzian ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea), Aranzadi, Lemniskata elkartea, Ikerbasque, Biook eta Donostia Kultura.


Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.