17 | 01 | 2024

Emakumeak zientzian, bizimodu bete baten bila dabiltzan pertsonak

Korporatiboa

* Hogeita hamabi euskal erakundek elkarrekin antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 8. edizioa Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.

* Edizio honen helburu nagusia da azpimarratzea zientzialari eta teknologoek bizimodu beteko pertsonak izan nahi dutela.

 

 Hogeita hamabi euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiko dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte jarduera-programa bat elkarrekin antolatzeko, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n izaten da urtero). 

Urtero, ekimenaren helburu nagusiak betetzeaz gain, Emakumeak Zientzian kolektiboak hausnarketa sakona egiten du egoera zientifiko-teknologikoa behar bezala aldatzen laguntzeko. Hala, aurten “nabarmendu nahi dugu zientziaren eta teknologiaren alorreko pertsonek beren beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak dituztela”, adierazi dute Emakumeak Zientzian proiektuaren antolatzaileek. Zientziaren alorrean, beste hainbatetan bezala, bikaintasun-estandarrak aldatzea eskatzen da gaur egun, eta alde batera uztea oso zabaldua dagoen kontzeptu bat, zeinaren arabera lanbide-bokazioak denbora gutxi uzten baitu familiarako, aisiarako edota garapen profesionalerako. Hori guztia bideo pertsonal batean islatuko da. Izan ere, “zientziaren eta teknologiaren alorreko zenbait pertsona protagonista dituen kanpaina bat jarriko dugu abian zientziaz haragoko bizitza ardatz hartuta. Ez dugu nahi denera iristen den superheroirik, ezta arrakasta lortzeko gainerakoari uko egiten dionik ere. Bizimodu errealak dituzten pertsonak dira, beren karrera profesionalean oreka lortzen saiatzen direnak”, gehitu dute.

Batik bat otsailaren 8tik 16ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2023 ekimeneko jarduerak. 60 ekintza baino gehiagoko programa zabala eta askotarikoa diseinatu dute. Gainera, EAEko hiru lurralde historikoak hartzen ditu lehen aldiz, Arabako hiriburuan egingo baitira aurtengo edizioko zenbait ekintza, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko. Horregatik, “deialdi berezi bat egin nahi dugu aurten, eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu ekintzetan parte hartzera, edozein dela ere zuen generoa, nortasuna, lanbidea edo adina”, gaineratu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren antolatzaileek.

Motorrak berotzeko, aurten jai-giroan hasiko da Emakumeak Zientzian, otsailaren 8an Donostian. Bertan, bideo hori aurkeztuko da, testigantza gehiago partekatuko dira eta boluntario guztiak eta erakunde batzuetako ordezkariak elkartuko dira.

Egun horretatik aurrera, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, adin guztietako jendearentzako jarduerak izango dira. Publiko orokorrarentzat, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Zenbait ikerketa-zentrotan lan egiten duten emakumezko batzuk igoko dira oholtzara, beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handienetako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emanez. Ikasleek ikerketa-zentroetara egin ohi dituzten bisitez eta tailerrez gain, aurten ere Eskolara itzulera jarduera errepikatuko da. 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera. Halaber, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko. Esperientziaren boterea izenburua du ekintza horrek, eta zazpi ikerketa-zentrok hartuko dute parte; beren ateak irekiko dituzte egiten duten ikerketa ezagutarazteko, eta, edozein lekutan egiteko moduko zenbait esperimentu labur eta errazen bidez, kultura zientifikoa familietara eta gure inguruneetara zabaltzen saiatuko dira. Era berean, zientzia eta teknologiaren esparruko kolektiboari zuzendutako mahai-inguruak egingo dira; baita gazteenentzako mahai-inguruak ere, ekintzailetzan sakontzeko eta emakume ingeniariak ezagutzeko.

Jarduera-programa gaurtik aurrera egongo da eskuragarri www.emakumeakzientzian.eus webgunean, eta dagoeneko irekita dago ekintzetan izena emateko epea.

8. edizio honetan parte hartuko duten 32 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira Euskadin: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BioBizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa-Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, UPV/EHU Ingeniariak eta Vicomtech.

Emakumeak Zientzian ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren eta Salto-ren laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Donostia Kultura, Emakunde, Lemniskata elkartea, Ikerbasque, Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea), Biook., Skills4Science, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Casio.

Lotutako albisteak

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.