16 | 11 | 2023

CUBIC proiektuaren helburuak: hidrogeno-edukiontziak eta auto-eserleku % 100 birziklagarriak

NanomedicineSurface Engineering

CIDETEC Surface Engineering zentroak kimika dinamikoaren bidez erretxinaz inpregnatutako karbono-zuntzak diseinatuko ditu. Zuntz horiek azken produktu iraunkorragoak fabrikatzeko erabiliko dira gero.

CIDETEC Surface Engineering proiektu berri batean ari da parte hartzen Europan, konplexutzat jotzen diren produktuen iraunkortasuna eta zirkulartasuna hobetzeko helburuarekin —orain arte birziklatu ezin ziren egitura konposatuen bidez fabrikatuta zeudelako jotzen dira produktu horiek konplexutzat—.Horretarako, CUBICek ─Aitiip Centro Tecnológicok koordinatuta─ oinarri biologikoa duten material berriak sortzeko aukera ikertuko du, batez ere lignina eta landare-olioak oinarri hartuta, % 100 birziklagarriak izango diren bitarteko produktu berriak diseinatzeko.Material horiek, bestalde, bi prototipo iraunkor egiteko baliatuko dira: hidrogenoa biltegiratzeko edukiontzi bat eta auto-eserleku bat.

 

Material berri horiek bere horretan edo beste batzuekin konbinatuta erabili ahal izango dira, azken produktuak fabrikatzeko.Material berrien artean honako hauek aipa daitezke: poliamidaz indartutako xaflak, pelletak, pikorrak eta hariak, edo erretxinaz inpregnatutako karbono-zuntza.CUBICek, gainera, kimika dinamikoko teknologia eta prozesu berriak aztertuko ditu, fabrikazio-prozesu berean bitarteko hainbat produktu konbinatu ahal izateko.

Proiektu honek, halaber, produktuen osagaiak banakatzeko bideragarritasuna erakutsiko du, eta, horrela, osagai horien birziklapena erraztu eta balioa handituko du, azpiproduktu berri gisa eraldatuta.CUBICen barruan, bizi-zikloari, kostuari eta gizarte-metodologiei buruzko ebaluazioak egingo dira, baita oinarri biologikoko materialak eta haien fabrikazio-prozesuak hobetzeko tresna digitalak ere.Produktuen zirkulartasuna eta haien bizi-amaiera iraunkorrago baterako metodo prediktiboak hobetzea da azken xedea.Horrela, merkatuaren eraberritzea optimizatuko du CUBICek, merkatuak material berri horiek errezelorik gabe onar ditzan, fabrikazio-metodo malguagoei bide emanez eta Europako manufaktura-industriaren eraldaketa ekologiko-digitala bultzatuz.

 

CUBIC proiektua Circular Bio-based Europe Joint Undertakingek (CBE – JUk) finantzatutako ikerketa- eta berrikuntza-proiektua da, Horizon Europe programaren barruan dagoena ─Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programaren barruan, alegia─, 101111996 zenbakidun Diru-laguntza Akordioa tarteko.Proiektuak 42 hilabeteko iraupena du eta ia 4,7 milioi euroko aurrekontua. Gaitasun osagarriak dituzten 13 bazkide europarrek hartuko dute parte guztira; horien artean sei industria-bazkidek —Specific Polymers, Comfil, Carbotainer Proyectos, Moses Productos eta QPLAN enpresa txiki eta ertainek eta Novamont enpresa handiak—, sei ikerketa- eta teknologia-erakundek —Aitiip, Centexbel, CIDETEC Surface Engineering, Idener, DITF, Circe— eta erakunde akademiko batek —Limerickeko unibertsitatea—.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.