30 | 07 | 2019

CIDETECen egin da ECOLAND europar proiektuaren 17. hilabetearen bilera

Surface Engineering

ECOLAND europar proiektuaren partzuergoak 17. hilabeteari dagokion bilera egin zuen uztailaren 17an, CIDETEC Surface Engineering enpresan.  Aurreko egunean, bilerara bertaratzen zirela aprobetxatuz, LIEBHERR-AEROSPACE enpresako ordezkariek zentroko instalazioak bisitatu zituzten.

CIDETEC enpresa da ECOLAND “Development of ECO-friendly protection procedures for LANDing gear aluminium alloys” proiektuaren buru, eta LVH Coatings (Erresuma Batua) eta CTME (Miranda de Ebro) enpresek ere parte hartzen dute. 2020 Horizontea Programaren barruko Clean Sky JU partzuergoak finantzatzen du proiektua. 347.000 euroko aurrekontua dauka, eta 23 hilabete iraungo ditu.
LIEBHERR-AEROSPACE Lindenberg GmbH erreferentea da Europako industria aeronautikoan, lurreratze-trenen eta hegaldia kontrolatzeko eta eragiteko sistemak ekoizteari dagokionean. Proiektuaren topic managerra da, eta horren bitartez, helburu du anodizatuaren ordezko tratamendu bat garatzea anaforesia baliatuz, REACH araudia betetzen dela bermatzeko.

Anaforesia da murgiltze bidez estalki organiko bat aplikatzea, korronte elektrikoa erabiliz, eta, horri esker, ez da inprimaziorik eman behar piezak margotzeko. Hala, abantaila bikoitza du: aplikatzeko denbora % 55 murrizten du, eta eman ohi diren bi estalduren ordez (anodizatu kromikoa eta inprimazioak), bakarra ematen da. Estaldura horiek Cr(VI) eduki ohi dute, eta REACH europar araudiaren arabera, debekatuta egongo da 2024tik aurrera substantzia hori erabiltzea.

17. hilabeteko bileraren barruan, WP3 – Process development eta WP4 – Testing and Validation paketeen barruko emaitza garrantzitsuenak aurkeztu ziren. Lehenbizikoan, anaforesi-prozesuaren aldagaiak ebaluatu dituzte, amaierako prozesua osatzeko, eta bigarrenean, prozesua baliozkotzeko panelak gauzatu dira. Horrez gain, LVH Coatings enpresak CIDETEC Surface Engineering enpresaren instalazioetara egindako bisitei esker, WP5 – Demonstration lan-paketea abiarazi ahal izan dute. Horren barruan, hasierako probak egin dira, anaforesi bidez geometria konplexuko prototipo bat (lurreratze-trenen osagai izango dena) aurrez tratatzeko eta gaineztatzeko. LIEBHERR-AEROSPACE enpresak eman du prototipoa.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.