Willey argitaletxearen aldizkariko iturriek azaldu dutenez, “Systematic cycle life assessment of a secondary zinc-air battery as a function of the alkaline electrolyte composition” lana izan da azken bi urteetan gehien deskargatutako artikuluetako bat. Zehazki, 2017ko urtarriletik 2018ko abendura arteko aldian argitara atera eta hurrengo urtean gehien deskargatutako artikuluetako bat izan da. Iturri horiek adierazitakoaren arabera, “Lanak berehala sortu zituen inpaktua eta ikusgaitasuna, eta ekarpen nabarmena egin dio alor horren aurrerabideari”.
Artikuluaren egileak CIDETEC Energy Storage zentroko ikertzaileak dira guztiak: Aroa R. Mainar, Elena Iruin, Luis C. Colmenares, J. Alberto Blázquez eta Hans-Jürgen Grande. Egile nagusi gisa Aroa Ramos eta J. Alberto Blázquez ageri dira.
Zink-aire bateria sekundarioek interes handia pizten dute; izan ere, energia-dentsitate teoriko handia agertzen dute (> 900 Wh/kg). Azken hamarkadetan aztertutako teknologia bat da, baina gaurdaino garatu diren zink-aire prototipo sekundarioak elektrolito akuoso alkalino konbentzionaletan daude oinarrituta, eta itzulgarritasun mugatua dute. Ondorioz, ezin izan dira maila komertzialean ezarri.
Elektrolito akuoso oso alkalinoek eroankortasun ioniko handia dute tenperatura-tarte zabalean, eta horregatik zentratu izan dira zink-aire bateria sekundarioei buruz egindako azterlan gehienak horietan. Hurbilketa horrek badu abantaila nagusi bat: anodoa zink metalezko frakzio handi batez osatuta dago, eta horrek, metalaren dentsitate handiarekin batera (7.14 g/cc), energia biltzeko gaitasun handiko gailuak garatzeko aukera eman lezake hasiera batean (400 Wh/kg artekoak). Horregatik, energiaren dentsitatea oinarrizko parametrotzat duten aplikazioak garatzeko kontuan hartu da teknologia hori. Tamalez, elektrolitoak alkalinoak direnez, disolbagarritasun handia du zinkak, eta ondorioz dendritak sortzen dira eta anodoaren forma aldatzen da; gainera, aire elektrodoa laster hondatzen eta narriatzen da.
Artikulua aldizkariaren 2018ko 6(3) zenbakian agertu zen, eta bertan lehen aldiz azaldu ziren teknologia hori bizkor zaharkitzea eragiten duten zergatiak. Horretarako, bateriaren osagai guzti-guztietan gertatzen diren narriadura-prozesuak aztertu zituzten. Azterlanak ondorioztatu zuenez, elektrolitoaren alkalinotasunak eta zenbait gehigarrik aurkako inpaktua eragiten dute aire elektrodoaren eta zink anodoaren iraunkortasunean; horregatik, elektrolitoaren formulazioa orekatu egin behar da sistemak itzulgarritasun egokia duela ziurtatzeko. Ondorioen artean, elektrolitoaren formulazio aurreratu bat jasotzen du azterlanak, eta hari esker nabarmen hobetu da sistemaren iraunkortasuna; hala, etorkizunean teknologia hori industria-mailan ezartzeko bidea urratu du.
Helbide honetan deskargatu daiteke artikulu osoa: