17 | 10 | 2017

CIDETECek koordinatzen duen Mat4Rail proiektua plazaratu da Donostian

Surface Engineering

2017ko urriaren 4an eta 5ean, CIDETECek Mat4Rail proiektuaren inaugurazio-bilera egin zuen Donostian. Proiektu hori Shift2Rail erakundearen materialetarako deialdi irekiaren bidez finantzatu da, etorkizuneko trenbidea diseinatzeko.

Shift2Rail Joint Undertaking (S2R JU) trenbide-sektoreko lankidetza publiko-pribatua da, eta kooperaziorako plataforma bat ematen du, xede hauekin: ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak egitea Europako Trenbide Eremu Bakarra lortzeko, eta Europako trenbide-sistemaren erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea.

Mat4Rail proiektuan, Europako zazpi herrialdetako 16 bazkidek dihardute, eta ekitaldi honetara etorri ziren datozen bi urteetarako planifikatutako lana abiarazteko.

Mat4Rail proiektuak 3,5 milioi euroko aurrekontua du, eta bi lan-ildotan banatzen ditu bere jarduerak: materialak eta barne-diseinua. Lehenengoa (materialak) bagoi arinak garatzean oinarritzen da. Horretarako, pieza metalikoak zuntzez indarturiko konpositeekin ordezten dira. Konposite horiek trenbideen ingurumen-eskakizun zorrotzak bete behar dituzte suari, keari eta toxikotasunari dagokienez, errendimendu mekanikoari dagokionez eta fabrikazio errentagarriari dagokionez. Horrez gain, sarbide-ateetarako sistemetarako materialentzat berrikuntzak proposatu dira, pisua, soinu-moteltzea, errendimendu termikoa eta errentagarritasuna hobetzeko.

Bigarren lan-ildoa (barne-diseinua) trenen barrualdearen diseinu modular adimendunean oinarritzen da, bidaiari-kopurua eta haien erosotasuna areagotzeko. Egungo ibilgailuen erronkei eta gabeziei ekiteko, erabilera modulatzen du, tren baten bizi-zikloan (30-40 urte inguru) bidaiarien eskaera aldakorrak asetzeko. Lan-ildo horren xedea da erronka horri hiru azpisistematan ekitea: plug & play sistema berritzaileak, eserleku berritzaileak eta gidariaren mahai berritzailea.

Mat4Rail proiektua Shift2Rail erakundeko kideentzako PIVOT proiektu osagarriarekin batera garatuko da. PIVOT proiektua Bombardier-ek koordinatzen du, eta tren-fabrikatzaileek hartzen dute parte. Mat4Rail eta PIVOT proiektuen arteko elkarreragin oparoari esker, bi partzuergoek trenbide-industriak behar dituen berrikuntzak lortuko dituzte.

Mat4Rail proiektuan, CIDETEC buru duen partzuergoaren esperientziari eta diziplina-aniztasunari esker garatuko da lan berritzailea. Han, nazioarteko 16 erakundek hartuko dute parte, hala nola ikerketa-institutuek (CIDETEC, AIMPLAS, ITAINNOVA, CENTEXBEL, RISE), enpresa txiki eta ertainek (Coexpair, IMADresden, NAVIGATOR, SPIRIT, INDAT, ESCATEC, ACCELOPMENT), industria handiek (Huntsman, ASAS, Grammer) eta unibertsitate batek (Bremengo Unibertsitatea). Haiek guztiek lankidetza estuan egingo dute lan etorkizun jasangarri baterako ibilgailu arinak eta adimendunak garatzeko.

Informazio gehiago:

https://shift2rail.org/projects/mat4rail/

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.