20 | 03 | 2018

CIDETECek frogatu du gehigarri batek seguruago bihurtzen dituela litio ioizko bateriak

Energy Storage

Argonne National Laboratory (EEUU) eta Mercedes Benz R&D North America erakundeekin elkarlanean, CIDETEC Energy Storageko ikertzaileek frogatu dute gehigarri bati esker litio ioizko bateriek nabarmen hobeto jasaten dutela gainkarga.

Gehigarri hori (di-tert-butil bis-metoxi-etoxi bentzenoa edo DBBB) Zhang doktoreak (Argonne National Lab) garatu eta patentatu du. Dagoeneko probatu zuten beste formatu zurrun batzuetan, hala nola zilindrikoan, baina orain arte ez zen probatu pouch cell motako formatua, zeina oso arina eta konpaktua baita eta horregatik ikusmin handia pizten ari baita automobilgintzan, besteak beste.

DBBB gehigarria, zehazki, CIDETEC Energy Storagek fabrikatu eta probatu dituen eta grafito/LFP (litio eta burdin fosfatoa) kimika duten litio ioizko zeluletan probatu da.

LFPzko bateriak bereziki seguruak direlako nabarmentzen dira, eta gehiegikeria mekanikoak eta elektrikoak jasaten dituzte sutu gabe, beste nahaste kimiko batzuek ez bezala. Hala eta guztiz ere, bateriak gainkarga jasaten duenean, elektrolitoak xurgatzen du gehiegizko korrontea, eta deskonposatu egiten da, gasak askatuz. Ondorioz, bateriak kalte itzulezinak jasaten ditu. Gaur egun, baterien kontrol-sistema elektronikoei esker (BMs edo battery management system), oso gutxitan gertatzen dira halakoak, baina kostua nabarmen handituta lortzen da hori.

Ikerketa hau oraintsu argitaratu da ACS Applied Materials & Interfaces aldizkari ospetsuan. Ikerketan, % 200eko gainkarga-prozesu bat jasanarazi zaie bateriei —hau da, zeluletan haien ahalmen nominala halako bi sartu da—. DBBB gehigarria duten zelulek 700 ziklo baino gehiago egin dituzte beren ahalmena halako biko gainkargarekin, kalte fisikorik eta elektrokimikorik hautematen ez zitzaiela. Zelula horiekin paraleloan zeuden eta gehigarririk ez zuten zelulek, aldiz, ezin izan zuten jasan ziklo oso bat bera ere baldintza horietan, elektrolitoa deskonponsatu egiten baitzen, eta, ondorioz, gasa askatu, bateria puztu eta hura guztiz hondatu.

Emaitza horiek baterien segurtasuna areagotzeko aukera asko dakartzate, bai ibilgailu elektrikoetarako eta bai beste aplikazio batzuetarako, eta, aldi berean, kostuak txikiagotzen dituzte, kontrol-sistema elektronikoan sinplifika baitaitezke.

Gehigarririk ez duen zelula, gainkarga-ziklo baten ondoren.
Gehigarria duen zelula, 200 gainkarga-zikloren ondoren.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.