22 | 06 | 2021

CIDETECek bere esperientzia jarriko du kapazitate handiko litio-ioizko bateriak garatzeko Espainiako lehen ekimenaren eskura

Energy Storage

LiOn-HD egitasmoa industria nazionala bilakatzeko eta eraldatzeko sortu zen, kapazitate handiko materialak garatzeko bideari ekite aldera. Helburu nagusi gisa finkatu zen energia-dentsitate handiko litio-ioizko lehen bateria garatzea Espainian, arreta berezia jarriz jasangarritasunari, deskarbonizazioari eta elektromugikortasunari.

Teknologia jasangarriak eta klimatikoki neutroak lortzeko trantsizioari heltzea da automobilgintzak gaur egun duen erronka nagusietako bat. Garraioa elektrifikatzearen esparruan, bateriak teknologia erabakigarria dira aldaketa hori lortzeko bidean. Edonola ere, erronka teknologiko handiak daude egungo beharrei erantzuteko eta mugikortasun adimenduneranzko trantsizioa lortzeko.

Espainiak aukera ederra du aurrez aurre, industria- eta jakintza-masa kritiko bat sortzeko baterien balio-katean zehar. Elektrifikazioa errealitate bihur dadin, biltegiratze-kapazitate handiko bateriak behar dira, eta ahalik eta inpaktu ekologiko txikiena eragiten dutenak. Horretarako, hainbat teknologiatako litio-ioizko bateriak daude –bateriaren barruan jarduten duten material aktiboek markatzen dituzte teknologia horien arteko alde nagusiak–.


Baterietarako materialak fabrikatzeko eta hornitzeko industria nazional finkaturik ez dagoen testuinguruan, LiOn-HD proiektuaren helburu nagusia da nabarmen hobetzea ioi-litiozko baterien energia-dentsitatea, kostua eta jasangarritasuna. Horretarako, ikerketa berritzaileak jarriko dira abian material aktibo aurreratuen eta horien konbinazio sinergikoen alorrean, gelaxka elektrokimikoaren osagaietara bideraturik (anodoa, elektrolitoa eta katodoa), gaur egun dituzten mugak gainditze aldera.

LiOn-HD egitasmoa Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroaren (CDTI) Misiones programaren mugikortasun jasangarriari eta adimendunari buruzko 2. misioan dago bilduta. Haren asmoa da baterietarako materialen Espainiako industria bat ezartzeko eta hedatzeko oinarriak ezartzea, lehendik dauden prozesuak egokituz eta beste berritzaile batzuk doituz.

Partzuergoa orotara zortzi enpresak osatua da; guztiak ere puntakoak dira beren sektoreetan eta I+Gko jarduera intentsiboa dute. SILICIO FERROLOSAR etxeak koordinaturik, Química del Nalón, NANOKER, RIMSA, ABCRLabs, GRAPHENEA, CUANTUM eta Hi-IBERIA ere partaide dira, eta guztira bederatzi ikerketa-erakunderen euskarria dute: CIDETEC eta CETIM; Coruña, Santiago eta Alacanteko unibertsitateak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa; eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilura (CSIC) atxikitako hiru zentro (Nanomaterialen eta Nanoteknologiaren Ikerketa Zentroa, CINN; Materialen Zientziaren Madrilgo Institutua, ICMM; eta Materialen Zientziaren Bartzelonako Institutua, ICMAB).

CIDETEC Energy Storagek lankidetzan dihardu nazioartean erreferente diren enpresekin; horien artean, baterietarako materialen fabrikatzaileak, bateria-fabrikatzaileak, automobilgintzako jatorrizko ekipamenduen fabrikatzaileak (OEM) eta elektrifikazioaren eta biltegiratze elektrikoaren beste sektore intentsibo batzuk. Oraingoan, CIDETECek proiektua garatutako materialetan oinarritutako formulazio elektrodikoak diseinatzen eta optimizatzen duen esperientzia jarriko du LiOn-HD partzuergoaren eskura, ondoren azken produktuaren baliokideak diren bateria-formatuetan baliozkotzeko.

Horretarako, CIDETEC Energy Storagek kapazitate handiagoko gelaxketara (30-40 Ah artekoak) eskalatuko ditu material-konbinaziorik esperantzagarrienak. Hainbat sail fabrikatuko dira litio-ioizko gelaxkak eta elektrodoak fabrikatzeko instalazio pilotuan. LiOn-HD proiektuan sortutako materialetan oinarrituta fabrikatutako gelaxkek probatze- eta ebaluazio-programa zorrotz bat beteko dute, eta, horretarako, CIDETECen Bateriak Probatzeko Laborategi berria baliatuko da, zeina duela gutxi inauguratu baitu elektromugikortasuneko eta energia Biltegiratzeko MUBIL poloan (2021eko otsailean).

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.