28 | 06 | 2019

CIDETECek baterien diseinuaren eta ekoizpenaren lan-talde europarra koordinatuko du, Batteries Europe ekimenaren baitan

Energy Storage

Batteries Europe plataforma ofizialki eratu zuten Bruselan, ekainaren 25ean. Batteries Europe da Europako Batzordeak sustatutako ekimena, baterien arloan berrikuntza eta ikerketa bultzatzeko xedearekin. Plataformak baterien ikerketan eta garapenean diharduten kontinenteko eragile nagusiak biltzen ditu, eta I+Bko gidalerro teknologikoak proposatzen ardaztuko da, etorkizuneko industriarako eta ekonomiarako alderdi nagusi batean Europako lehiakortasuna bermatze aldera. Baterien ikerketa eta berrikuntzarekin lotutako ekosistema europarrerako one-stop-shop gisa aurkeztu da Batteries Europe; eragile teknologikoak eta industria biltzen ditu, balio-kate osoan zehar premia nagusiak identifikatu eta lehenesteko.

Óscar Miguelek, CIDETEC Energy Storage-ren zuzendariak, euskal ikerketa-zentro teknologikoaren lana zuzenduko du, “Manufacturing & Cell Design” lan-taldeko koordinatzaile gisa. Haren ezaugarriak kontuan harturik, estrategia europarraren ardatz bihurtuko da, zalantzarik gabe. Miguel doktorearen iritziz: “Lehengaietatik eta teknologia berrien garapenetik hasi eta lortutako bateriak hainbat aplikazio garrantzitsutan (elektromugikortasuna, geldikorrak edo birziklatzea, haien bizitza baliagarriaren amaieran) txertatzeraino heltzen den kate bateko ardatza osatzen dute baterien diseinuak eta fabrikazioak. Lan garrantzitsu hau garatuko duen lan-taldearen koordinazioa guri esleitzeak CIDETECek arlo honetako gidalerro europarretan hartu duen erantzukizunaren nabarmentasuna berresten du, eta, horrez gain, Gipuzkoaren eta Euskadiren posizionamendua irmotzen du, gure erakundeek diseinatutako estrategiekin bat etorriz, energia gordetzeko teknologia berrien eta aplikazioen garapenaren arloan erreferentziazko eskualde gisa Europa osoan.”

CIDETEC Energy Storage-k Batteries Europe-kin bat datozen beste ekimen batzuetan ere parte hartzen du, adibidez, BATTERY 2030+, epe luzerako ikerketa-ekimena, edo European Battery Alliance, industria-ekimenetara bideratutako ikuspuntu batekin.

Europako Batzordeak Batteries Europe ekimena abiarazi du, baterien arloan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko asmoarekin, Europa atzean gera ez dadin. Izan ere, une honetan fabrikatzaile asiar batzuk kontinentean lantegiak ezartzea aintzat hartzen hasi dira, ibilgailu elektrikoen merkatu indartsuaren eskari gorakorrari erantzuteko. Batteries Europe-k, 2017an sortutako Europako Baterien Itunarekin (EBA) batera, Europan balio-kate iraunkorra sortzea proposatzen du, 2025ean urtean 250 000 milioi eurotan balioztatutako merkatuarengatik (Danimarka bezalako herrialde baten BPGren baliokidea) lehiatzeko gai. Horrela, Europako industriaren mendekotasuna saihestu nahi da, eta baterien enplegu- eta hazkunde-aukerak eta inbertitzeko potentziala ustiatu.

“Europak baterien kontsumitzaile bat soilik izan nahi ez badu, hazkunde potentzial ikaragarria duen merkatuaren liderrak izan nahi badugu eta hari etekina atera nahi badiogu, kontinenteko ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren ekosistemaren kide nagusien gaitasunak eta ahaleginak bateratu beharko ditugu, industriari aberastasuna sortzeko oinarri sendoa eskaintze aldera. CIDETEC bezalako euskal zentro teknologiko batentzako, garrantzia honetako ekimenaren liderretako bat izateak maila altueneko erronka eta aukera da”, ondorioztatu zuen Óscar Miguelek.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.