22 | 07 | 2022

CIDETEC Surface Engineering, material jasangarri berriak sortzen hidrogenoaren sektorearentzat

Surface Engineering

CIDETEC parte hartzen ari da Europako Batzordeak finantzatutako bi proiektu berritan, hidrogenoa biltegiratzeko eta platinoa ordezkatzeko material berrien garapenean oinarrituak.

Uraren elektrolisiaren bidez hidrogenoa sortzea, energia bektore gisa -hidrogeno berdea deritzona- lehentasuna da Europar Batasunarentzat, Europako Itun Berdea lortzeko eta horren itxaropen handia sortu duen trantsizio energetikora heltzeko. Funtsezko eginkizuna izango du hainbat sektoreren deskarbonizazioan, beste alternatiba batzuk bideraezinak edo garestiagoak liratekeen sektoreetan. Era berean, garraioan ere erabil daiteke, jatorri fosileko hidrogenoaren ordez, eta industria prozesuetan, bai eta produktu berriak egiteko ere (hala nola ongarriak eta altzairua).

Hidrogenoa da Europar Batasunak sistema energetikoaren jasangarritasunerako duen estrategia orokorraren atal garrantzitsua. Testuinguru horretan, hidrogenoa sortzea, biltegiratzea eta kontserbatzea ekosistema osoaren oinarrizko piezak dira, eta estaldurak dira hidrogeno berdeak energiarako lehengai gisa duen arrakastaren gakoetako bat.

CIDETEC Surface Engineering-ek koordinatzen duen NICKEFFECT proiektuaren helburua da nikel oinarriko estaldura ferromagnetiko berriak sortzea, diseinutik hasita seguruak eta jasangarriak diren material berriak (Safe and Sustainable by Design, SSbD) erabiltzeko horren eskasa eta garestia den platinoaren ordez. Platinoaren taldeko metalek (platinoa, paladioa, rodioa, iridio, rutenioa eta osmioa) eskaera handia dute gaur egun, propietate berezi batzuengatik, hainbat sektore estrategikorentzat ezinbestekoak bihurtzen dituztenak: hala nola energia berriztagarrien sektorea (uraren elektrolisia hidrogenoa sortzeko), mugikortasun elektrikoa (erregai pilak) eta teknologia digitalak (MRAM memoriak). Hala eta guztiz ere, alternatibak aurkitzea funtsezkoa da Europar Batasunaren ekonomiarentzat, metal horien kostu handiagatik eta haien inportazioan Europak beste kontinente batzuekiko duen mendekotasunagatik. NICKEFFECT egitasmoak gutxienez 3 material berri garatu eta baliozkotuko ditu, aplikazio metodologiekin (prozesuen modelatua barne) eta material hautapenean erabakiak hartzen laguntzeko tresnekin batera (diseinu bidezko segurtasun eta jasangarritasun irizpideak eta materialen modelatua integratuta). Lau urteko iraupena izango duen (2022ko ekainetik 2026ko maiatzera) NICKEFFECT proiektuaren barruan hainbat I+G zentro eta enpresa daude, balio kate osoa hartzen dutenak: garatzaile zientifiko eta teknologikoak (CIDETEC, UAB, CEA-LITEN, VUB), teknologia hornitzaileak (ELSYCA, ANSYS, IRES, MATGENIX), amaierako erabiltzaileak (ADVENT, SINGULUS) eta zeharkako bazkideak (F6S, UNE).

Halaber, CIDETEC berriki sortutako MAST3RBoost egitasmoaren parte da, helburutzat duena material ultraporotsu belaunaldi berri bat sortzea, % 30eko gehikuntzarekin 100 bar-eko hidrogenoaren lan gaitasunean, laborategi eskalako sintesi protokoloak bihurtuta industria fabrikazioko prozesu, bultzada handi bat emateko Europaren deskarbonizazioari. Proiektu horren beste xede bat da lehengaiak birziklatzea material ultraporotsuak fabrikatzeko, baso eta nekazaritzako biomasa hondakinetatik nahiz hiri hondakin solidoetatik abiatuta. Aldi berean, aleazio arin berriak erabiliko dira, Fabrikazio Gehigarriaren bidez (WAAM teknologia), biltegi arinak sortzeko, material ultraporotsuak gordeko dituztenak eta garraio aplikazioetara hobeto egokituko direnak. I+G arloan diharduen Nafarroako Envirohemp ETE intentsiboa da proiektuaren buru, eta hamahiru bazkidek osatutako diziplina anitzeko talde batek eratzen du partzuergoa: Envirohemp S.L. (Espainia); Contactica S.L. (Espainia); Agencia Estatal Consejo Superior de Investigaciones Científicas (Espainia); Cidetec Surface Engineering (Espainia); Spike Renewables SRL (Italia); EDAG Engineering GMBH (Alemania); Nanolayers OU (Erresuma Batua); AIT LKR Leichtmetall Kompetenzzentrum Ranshofen GMBH (Austria); University of Pretoria (Hegoafrika); Council For Scientific And Industrial Research (Hegoafrika); TWI (Erresuma Batua); University of Nottingham (Erresuma Batua).

CIDETEC elkarlanean arituko da Austriako AIT-LKR Institutuarekin aluminioan eta magnesioan oinarritutako aleazio metaliko arin berrien sorkuntzan, egokiak tenperatura kriogenikoetan lan egiteko. Gainera, ahalegin berezia egingo du aleazio horietarako estalduretan, materiala korrosiotik babesteko eta hesi modura aritzeko hidrogenoaren difusioan. 

Bi proiektu horietan parte hartuz, CIDETEC Surface Engineering-en xede nagusia da ingurumena kaltetuko ez duten eta baliabide natural ez-berriztagarriak agortuko ez dituzten material eta gainazal jasangarriak aurkitzea.  

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.