11 | 07 | 2023

CIDETEC Surface Engineering enpresa Europako Espazio Agentziak (ESA) whiskerrei buruz egindako ikerketa baten buru

NanomedicineSurface Engineering

Gailu elektronikoen gainazaletan gertatzen den eztainuzko harizpien hazkunde espontaneoak zirkuitulaburrak eragin ditzake, eta ESAren misio espazialak arriskuan jarri.

 

Whisker bat eskala kristalinoko fenomeno metalurgiko bat da; horren bitartez, harizpi oso finak hazten dira batez ere eztainuzko gainazal metalikoetan. Lurrean hainbat urtez aztertu da fenomenoa; alabaina, ez dago orbitan eta, beraz, hutsean duen hazkundeari buruzko informaziorik.

Europako Espazio Agentziak —ESA, ingelesezko siglengatik— hainbat kasu dokumentatu ditu, zeinetan errele elektromagnetikoetan whiskerrak hazi izanak hutsegiteak eragin dituen satelite komertzialen kontrol-prozesadoreetan (SCP). Zenbait kasutan, SCP nagusian eta sateliteek izaten duten SCP osagarrian gertatu zen hutsegitea, eta, ondorioz, helburu zituzten misio aeroespazialen porrota eragin zuen. Hori dela eta, joan den ikasturtean ESAk bere arazo nagusiei irtenbidea emango dieten ikerketak gauzatzeko egindako lizitazioen artean, bada bat harizpi horien portaera hutsean aztertzea helburu duena, eta CIDETEC Surface Engineering izan da hura gidatzeko aukeratutako zentroa.

Gainazalen ingeniaritzan espezializatutako zentro horretan, konparazioak egingo dituzte baldintza atmosferikoetan hazten diren whiskerren eta orbitan hutsean hazten direnen artean. Horrela zehaztu nahi dute ea alderik dagoen harizpi horien portaeran ingurumen-baldintza desberdinetan daudenean, hala baita itxura guztien arabera. Ikerketan, harizpiak mikro manipulatzaileekin urtuko dira, karakterizazio elektrikoa egiteko, eta, horrela, informazioa lortuko da, eragindako hutsegiteak saihestekotan nola jokatu jakiteko. Whiskerraren ezaugarriak zehaztuta, zirkuitulaburra gertatzeko probabilitatea ezagutu ahalko da, eta prebenitzeko neurriak ezarri ahal izango dira.

CIDETEC Surface Engineeringeko adituek finkatutako ikerketa eta ibilbide-orria aurrera eramateko, whiskerren arloko ikerketan Europako erreferenterik handienak diren Budapest University of Technology and Economics (BME) unibertsitatearen eta Poloniako Łukasiewicz-IMiF institutuaren esperientzia izango dute lagun.


Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.