08 | 07 | 2022

CIDETEC Surface Engineering-ek jardunaldi tekniko bat antolatu du material konposatuen arloko joeren inguruan, Europako industria aeronautikoaren eraldaketa jasangarria sustatzeko

Surface Engineering

Joan den ekainaren 15ean, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko Arima hotelean, AIRPOXY proiektuaren inguruko lan-jardunaldi bat antolatu zuen CIDETEC Surface Engineering-ek. Ekitaldian, proiektu horren emaitzak ezagutarazteaz gain, izen handiko adituek askotariko hitzaldiak eman zituzten aeronautikaren sektoreak material konposatuen arloan dituen joera eta beharrei buruz. Guztiek aho batez adierazi zuten ezinbestekoa dela erronka jakin batzuei aurre egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuko dituen ekonomia zirkularreko eredu bat sendotzeko: material jasangarrien erabilera, zero hondakin, multifuntzionaltasuna, kontsumo-efizientzia, materialak arintzea, berrerabilera, birziklagarritasuna edo hondakinak kudeatzeko sistema efiziente bat, besteak beste.

AIRPOXY proiektua 2018an hasi zen, eta aurtengo abuztuan amaituko da. Helburu nagusia da aeronautikan aplikatzeko lotura dinamikoak dituzten eta 3R teknologia darabilten erretxin termoegonkorren familia berri baten garapen-prozesuan TRL3 (kontzeptu-proba) mailatik TRL 5 (eremu industrialean baliozkotzat jotzea) mailara iristea. Partzuergoaren burua CIDETEC Surface Engineering da, eta Leibniz- Institut für Verbundwerkstoffe, Coexpair, EURECAT, ÉireComposites, IDEC, Sonaca, Ioannina-ko Unibertsitatea, Altair, Arttic eta Espainiako Normalizazio Erakundea UNE entitateek osatzen dute. Guztira, Europako sei herrialdetako hamaika bazkide dira.

CIDETECek 2014an patentatu zuen 3R teknologia; alegia, errendimendu altuko zuntzez indartutako erretxin termoegonkor birprozesagarriak, konpongarriak eta birziklagarriak. Proiektu honetan zehar, erabilitako erretxinen propietate mekaniko eta termikoak hobetzen saiatu da, aeronautikaren sektoreko baldintza zorrotzak bete ahal izateko.

Jardunaldian berrogeita hamar aditu baino gehiagok hartu zuten parte, eta material berriei, fabrikazioari eta jasangarritasunari eskainitako hainbat saiotan banandu zen eguna. Andrés Catalán-ek, PAE-ko (Plataforma Tecnológica Aeroespacial Española) idazkari nagusiak ongietorria egin ondoren, hamaika aurkezpen egin zituzten Airbus, Huntsman, Leibniz -VW, Altair, Idec, Sonaca, Aernnova, Ioannina-ko Unibertsitatea eta Specific Polymers entitateen ordezkariek. CIDETEC-en aldetik, Nerea Markaide-k AIRPOXY proiektuaren berri eman zuen, eta Alaitz Ruiz de Luzuriaga proiektuaren baitan garatutako lehengaiak eta 3R produktuak aurkezteaz arduratu zen.  Mahai-inguruaren moderatzailea CIDETEC-eko Elena Jubete izan zen, eta AIRBUS, INTA/EREA, ÉIRE COMPOSITES, SONACA, COEXPAIR eta IDEC entitateetako adituek hartu zuten parte. Jardunaldia amaitzeko, bisita bat egin zen CIDETEC Surface Engineering-en instalazioetara eta erakustaretora; bertan, proiektuan zehar garatutako materialak eta erakusleak aurkeztu ziren.

Bertaratu zirenek oso balorazio ona eman zieten bai azaldutako ondorioei, bai ekitaldian zehar egindako aurkezpenen kalitateari ere.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.