09 | 03 | 2022

CIDETEC Surface Engineering-ek abian jarri du Eurostars THERMALASER proiektua

Surface Engineering

Joan den azaroaren 1ean jarri zen martxan THERMALASER “THERMAlly sprayed and LASER sintered ceramic coatings to protect steel structures” proiektua; bertan, hauts zeramikoa lortzeko formula berriak garatuko dira, baita zeramikazko estaldura babesleak ekoiztean hauts hori aplikatzeko modu berri bat ere, bi teknologia hauek uztartuta: proiekzio termikoa (bai esekita, bai hauts gisa) eta laser bidezko sinterizazioa. Helburu nagusia korrosioaren aurkako babes maila altua emango duen estaldura bat lortzea da, muturreko baldintzatan dauden metalezko egituretarako; adibidez, itsas zabalean (ingurune gazian) kokatutako haize-dorreen oinarria edo aleak eta produktu kimikoak biltegiratzeko siloak.

Xede hori lortzeko, Espainiako TORRECID enpresak hauts zeramikoaren formula egoki bat garatuko du, proiekzio termikorako nahiz laser bidezko sinterizaziorako balioko duena eta, horrez gain, beharrezko funtzioak beteko dituena. Ekoiztutako hauts guztia aprobetxatuko da, partikularen tamainaren araberako proiekzio-teknika desberdinak erabilita: batetik, Alemaniako FRAUNHOFER teknologia-zentroak (zehazki, IKTS institutuak) hauts finetan oinarritutako esekidurak prestatuko ditu; FRAUNHOFER IWS institutuak, aldiz, esekidura bidezko proiekzio termikorako aplikatuko ditu; bestalde, Alemaniako PUTZIER enpresa txikiak tamaina handiagoko partikulak erabiliko ditu, hauts bidezko proiekzio termikoa egiteko. Teknika horien bidez, morfologia desberdinak dituzten estaldurak lortuko dira, termikoki tratatu beharko direnak (sinterizatu, alegia). Proiektuaren berrikuntzetako bat hau da: sinterizazio-prozesua Espainiako EXOM Engineering enpresa txikiak egingo du, laser bidezko erradiazioa erabilita. Metodo horrek osagai bakoitza modu zehatzean termikoki tratatzeko aukera ematen du. Estaldura horiek erreakzio desberdina izango dute laser bidezko erradiazioaren aurrean; horregatik, EXOM-ek laser bidezko prozesuak garatzen duen eskarmentua lagungarria izango da. Gainera, EXOM da proiektuaren koordinatzailea. Proiektu honetan, halaber, CIDETEC Surface Engineering ikerketa zentroak hartzen du parte; izan ere, Espainiako enpresek proiektuaren jarduera batzuetarako azpikontratatu baitute, zeramikazko estaldurak garatzen eta karakterizatzen duen eskarmentua dela eta.

Proiektuaren azken fasean, saiakuntzak egingo dira emaitza onenak eman dituzten estaldurekin, biltegiratzeko silo edo tangatan nahiz itsas zabalean kokatutako haize-dorreen egituretan erabiltzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Helburu teknologikoa altzairu esmaltatuak prestatzeko teknologia guztiz berritzailea garatzea da, estaldura leun, itsaskor eta iraunkor bat lortzeko. Teknologia horren bidez, ez da beharrezkoa izango goi-mailako prestazioak dauzkaten egiturazko altzairuei tratamendu termikoak egitea; beraz, mikroegitura mailan distortsioa eta alterazioak sortzeko arriskua gutxitzen da, eta ezaugarri mekanikoak mantendu egiten dira. Horri esker, maila baxuagoko prestazioak dauzkaten altzairu merkeagoak erabili ahalko dira kalitate-baldintza berberak betetzeko.  Horrenbestez, THERMALASER soluzioari esker askoz txikiagoa izango da azken produktuaren kostua, eta mantentze- nahiz ordezkatze-lanetan ere asko aurreztuko da, bizitza baliagarria luzatu egingo delako.

THERMALASER proiektuak EUROSTARS-EUREKA zigilua jaso du. 1.617.041,37 euroko aurrekontua dauka eta 30 hilabete iraungo ditu.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.