05 | 07 | 2023

Cidetec Europako gigafaktoriak diseinatzeko ekimen baten buru

Energy Storage

Sektoreko europar eragile nagusiak elkartuko ditu Donostian, bateria-elektrodoen eta -gelaxken produkzio independente, efiziente eta jasangarriaren oinarriak zehazteko.

 

Bateria-gelaxkak ekoizteko ahalmena egungo 60 GWh-tik 900 GWh-ra igo behar du Europar Batasunean, 2030erako helburuak betetzeko.Horrek esan nahi du Europak efizientziaz sendotu behar duela bateria-gelaxkak eskala handian fabrikatzeko balio-katea, trantsizio jasangarri eta ekologikoa ahalbidetzeko, lotutako emisioak minimizatzeko, baterien errendimendua eta kostua optimizatzeko eta zirkulartasuna ziurtatzeko.

Erronka horiei aurre egiteko sortu da GIGABAT europar proiektua, eta bi alderdi hauek ditu:

Alde batetik, Europar Batasunean independentzia teknologiko eta industriala lortzeko behar diren makinak eta hornitzaileak sustatzea.Hau da, Europan oso-osorik garatu eta eraikitako makinak, produkzioaren eta baliabideen erabilera efizientearen aldetik aitzindariak izateko.

Horrelako makinak garatzeko orduan zera bilatzen da, energia-kontsumoa minimizatzea, airearen eta uraren kutsadura desagerraraztea eta, azkenik, kontrol adimenduneko prozesuak integratzea, hondakinak gutxitzeko eta kostuak zein ingurumen-inpaktua murrizteko.Horrez gain, makina horiek produktibitate-maila oso handiekin jardutea espero da, 4.0 industriaren estrategietan oinarritutako kalitate-kontroleko sistema adimendunei esker.

Bestetik, proiektuak eragile hauen arteko lankidetza sustatuko du: industria-mailako gelaxka-ekoizleak, bateriak ekoizteko prozesu-ekipamenduen enpresak, material-hornitzaileak eta sareko energia-hornitzaileak. Guztiek ere jasangarritasun- eta efizientzia-estandarrak ezarriko dituzte materialen eta energiaren fluxuan produkzio-katean zehar.Proiektuak ikergai izango ditu, besteak beste, makinen ingurumen-inpaktua, produkzio-lineen konfigurazioa eta fabriken diseinua, jardunbide egokien proposamenetara iristeko.

GIGABAT proiektua, Europako Batzordearen Horizon Europe programak finantzatua eta CIDETEC Energy Storage buru duena, helburu honekin sortu da: Europar Batasunean gelaxkak fabrikatzeko industria eta haren balio-katea indartzea, eta funtsezko eragileak inplikatzea GEN3b baterien (Li-ion) garapenean.Hona hemen proiektuko partaideak:PowerCo SE (Volkswagen taldeak bateriak ekoizteko duen filiala), Verkor, Manz Italy, Braunschweig-eko Unibertsitate Teknikoa, Izertis, Comau, Heraeus Noblelight, Matthews International, Jagenberg, RISE, Ferroglobe Innovation, Zeppeling Silos, Netzsch Trockenmahltechnik, ICOS eta LiPLANET – Europako bateria-lantegi pilotuen elkartea, CIDETEC partaide duena.Partzuergoa Donostian elkartuko da, uztailaren 4an eta 5ean, Europako bateria-industria independentea sortzeko funtsezko proiektua izango denari hasiera emateko.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.