18 | 02 | 2022

CIDETEC Energy Storagek modelaketan eta simulazioan ipintzen du arreta, baterien garapena azeleratzeko tresna gisa

Energy Storage

BATERIETAN OINARRITUTAKO ENERGIA BILTEGIRATZE SISTEMEI BURUZKO MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN II. BILERA ZIENTIFIKOAN, zentroan garatzen ari diren digitalizazio-teknikak aurkeztu zituzten

 

Etengabe garatzen ari den baterien arloan, ezinbestekoa da azken teknologiak izatea merkatuaren eta gizartearen beharrei aurre egiteko, hari esker lortzen baita ikerketa-lanak azeleratzea eta emaitzarik onenak eskuratzea. Modelaketari eta simulazioari esker, ikerketaren alorrean ireki den aukeren leihoa erabat ari da aldatzen merkatua, eta nabarmen murrizten ditu garapen-denborak eta, ondorioz, merkatura iristeko denborak. 

Elixabete Ayerbe, CIDETEC Energy Storage enpresako Team Leader Battery Modelling | Postmortem analysis-ean BATERIETAN OINARRITUTAKO ENERGIA BILTEGIRATZE SISTEMEI BURUZKO MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN II. BILERA ZIENTIFIKOAN parte hartu zuen joan den otsailaren 16an, Orona Ideo campusean (Hernani, Galarreta). Eztabaida-foro horretan, tokiko eta nazioarteko adituak izan ziren hainbat ikuspegi partekatzen, gehienak baterien modelaketaren eta simulazioaren ingurukoak. Sektoreko kide nabarmenek emandako zortzi txostenetatik bostek teknologia horiek zituzten hizpide, eta hainbat ikuspegitatik aztertu zituzten. Horrek digitalizaziorako joera erakusten du, energia biltegiratzearen esparruan ezarrita.

Elixabete Ayerbek «Deep dive into the modelling: accelerating battery cell developments» izeneko hitzaldia eman zuen (Modelizazioan sakontzea: bateria-gelaxken garapena azeleratzen), CIDETEC Energy Storagen garatzen ari diren digitalizazio-teknikei buruz. Ikerketa horiek biltzen dituzten alorren barruan nabarmentzen dira, esaterako, bateriak fabrikatzeko prozesuak, ikerketa- eta aurkikuntza-prozesuak bizkortzeko duten ahalmena, prestazioen eta portaeren aurreikuspena eta analisia, eta degradazio-prozesuen aurreikuspena.

Hitzordua aprobetxatuz, Ayerbek CIDETEC lantzen ari den bi tresna ere aurkeztu zituen: cideMOD eta PROTEO. Lehenengoa dagoeneko irekita dago komunitatearentzat, eta GitHub plataformaren bidez eskura daiteke. Bigarrenak, berriz, gehiago lantzen ditu baterien modelaketa eta simulazioa: web aplikazio bat da, intuitiboa eta erabilerraza, eta, gelaxkaren prestazioak aurreikusteaz gainera, haren osagaiak optimizatzea ahalbidetzen du. Garapenaren azken fasean dago.

Elixabete Ayerbek ibilbide luzea du bateriak ikertzeko alorrean, eta baterien ekoizpen-prozesuen digitalizazioari buruzko DEFACTO proiektu europarraren koordinatzailea da. Era berean, buru-belarri inplikaturik dihardu Europako BIG-MAP eta Battery 2030+ ekimenetan (azken horretan, fabrikagarritasuneko arduradun gisa).

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.