01 | 07 | 2021

CIDETEC Energy Storagek LIB baterien karga-abiadura, segurtasuna eta birziklagarritasuna areagotu nahi ditu

Energy Storage

SPARTACUS proiektuak baterien karga-denbora % 20 murriztea du xede, haien bizitza baliagarrirako ondorio negatiborik gabe, sentsore mekanikoak, akustikoak eta termikoak erabiliz.

 

CIDETEC Energy Storagek bat egin du 2050erako Europa klimatikoki neutroa lortzeko helburuarekin. Bide trinko horretan, litiozko ioi-bateriak (LIB) funtsezkoak izango dira energia-hornidura eta -biltegiratze deszentralizatua lortzeko, bai eta mugikortasun elektrikorako ere, etorkizunean ageri den egoera sozioekonomiko berrian.

SPARTACUS proiektua LIB baterien egungo mugei aurre egiteko sortua da, eta karga-abiadura % 20 areagotzeko estrategia bat ezartzen du, betiere inpaktu negatiborik gabe baterien bizitza erabilgarrian edo segurtasunean. Gaur egun, bateria kudeatzeko sistema zentralizatuak (BMS) baliatzen dira LIB baterietan. Sistema horiek, bateriaren funtzionamendu segurua eta ekonomikoa bermatzeko diseinatuta dauden arren, ez dute uzten zahartze fisiko-kimikoko ereduak gauzatzen, zeinak beharrezkoak baitira haien erabilera optimizatzeko. 

Proiektuari esker, bateriak degradatzeko arrazoiak ulertu ahal izango dira, gelaxkan integratutako sentsore adimendunen bidez. Bateriaren barruan zer arazo gertatzen diren zehatz-mehatz jakiteko erabiliko da informazio hori, ondoren ereduak eraiki eta konponbideak topatzeko, betiere baterien bizitza erabilgarria maximizatuz. Lortutako datuak baliatuz, gelaxken monitorizazioa ere hobetuko da baterien segurtasuna handitzeko, eta, hala, saihestu egingo dira gainberotzea eta su hartzeko aukera.

CIDETEC Energy Storage enpresaren funtzio nagusia izango da aldez aurreko azterketan lorturiko garapenak baliozkotzea MUBIL elektromugikortasun-poloko instalazioetan. Polo hori Europako osoenetako bat da bateria-testei dagokienez. Sentsorea eta ereduaren funtzionaltasuna definitu ondoren, haiengandik espero den emaitza aztertuko da eta, informazio horrekin, proiektuaren emaitzak ebaluatzeko eta ereduak gainerako bazkideekin batera baliozkotzeko probak diseinatuko dira.

Fraunhofer zentro alemaniarrak koordinatua da SPARTACUS proiektua, eta lau milioi euroko aurrekontua du. Egitasmo horretan sorturiko ezagutzari esker, LIB bateriak merkatuan karga-abiadura handiagoarekin jartzeko bideak ezarriko dira, haien arriskugarritasuna ahalik eta gehien murriztuz. Hala, bateria jasangarriagoak lortuko dira, birziklagarritasun handiagoari esker.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.