13 | 10 | 2022

CIDETEC Energy Storage-k Open Source-ko tresna bat eskaintzen du baterien barne-funtzionamendua ulertzeko

Energy Storage

cideMOD hiru dimentsioko gelaxken portaera ebazten duen mota honetako lehen tresna da, eta GitHub-en dago erabilgarri.

 

Elektrifikazioaren trantsizio energetikoak sortzen dituen erronkei aurre egiteko balio duten energia biltegiratzeko sistemak ulertzea ezinbestekoa da ezarritako epeak murrizteko. Helburu horrekin, CIDETEC Energy Storage-k cideMOD garatu du, baterien diseinatzaile, fabrikatzaile eta garatzaileei baterien barne-funtzionamendua ulertzen eta arlo horretako ikerketetan aurrerapausoak ematen laguntzen dien Open Source-ko modelatze-tresna.

Horrela, bateriekin lan egiten igaro dituen 25 urteei eta Europako hamarnaka proiektutan parte hartzeari esker modelatzearen arloan lortutako eskarmentua partekatzen du CIDETECek, mundu mailan ezaugarri hauek dituen tresna bakarrenetako baten bidez (Espainian ez dago horrelako besterik).

cideMOD (GitHub atarian erabilgarri) tresnak simulazioaren bidez gelaxken diseinuaren portaera ulertzeko eta aztertzeko aukera ematen du. Halaber, aitzindaria da, domeinu osoa eta haren hiru dimentsioko geometria erreala hartzen dituelako kontuan. Horri esker, erabilera-eredu desberdinetan zehar gelaxkek duten portaera ez homogeneoari buruzko informazioa lortzen da, erantzun elektrokimikoa (mekanikoa barne), erantzun termikoa eta SEI (Solid Electrolyte Interphase), gelaxkaren hiru dimentsioetan ebatzita, simulazio-tresna bakar batean konbinatuz. Horrela, askotariko gai garrantzitsuak ebatz daitezke; besteak beste, hauek: osagaien arabera bateriek dituzten ezaugarriak, portaera termikoaren eragina ikustea, baterien degradazioa ulertzea eta bateriak hobetzeko aukerak hautematea.

CIDETEC Energy Storage-k modelatze-tresnen elkarreragingarritasuna hobetzeko lanean dihardu, Europako BIG-MAP proiektuaren baitan. Azpiegitura irekiak sortzen ari dira, zientzia-komunitatearen zerbitzura jarriko direnak tresna horiek estandarizatzeko eta garapenak azkartzeko helburuarekin. Halaber, Europako DEFACTO proiektuaren baitan, funtzio berriak ari dira sartzen, hala nola degradazio mekanikoa.

Bestalde, CIDETEC Energy Storage-n Bateriak Modelatzeko Unitatean beste urrats bat eman da Proteo tresnaren garapenarekin. Modelatze-tresna aurreratu horrek cideMOD-en oinarri bera du, baina bateriaren askoz ere ezaugarri gehiago aldatzeko aukera ematen du; adibidez, elektrodoaren, elektrolitoaren eta gelaxkaren geometriaren konfigurazioa alda daiteke, web-aplikazio intuitibo eta erabilerraz baten bidez.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.