28 | 04 | 2023

CIDEcell konpainia merkaturatu du CIDETECek, bateriak fabrikatzeko

Energy Storage

Europa ahalegin handia egiten ari da mugikortasun berriaren eta eraginkortasun energetikoaren eskakizunetara egokitzeko. Bateriak eskala handian fabrikatzeko gigafaktoria ugari beharko dira, baina premiazkoa da ere ekoizpen planta arinak eta moldagarriak izatea, eskala txikiagokoak, materialen teknologia berriak baliozkotzeko eta aplikazio espezifikoak dituzten azken produktuak sortzeko.

Bezeroen eskaria gero eta handiagoa denez, CIDEcell sortu du Europan baterien teknologiaren garapenean liderra den CIDETECek. Besteak beste, materialen fabrikatzaileentzat, teknologoentzat eta baterien fabrikatzaileentzat izango da bertako produkzioa, baita merkatu nitxoetako baterien aplikazioetarako ere. Spin-offak elektrodoak eta gelaxka pertsonalizatuak sortuko ditu, bezero bakoitzaren beharretara egokituta, eta zerbitzu arin eta malgua eskainiko du.

CIDEcellek teknologia zorro zabala merkaturatuko du, barne hartuta litio ioi, elektrolito solido, sodio ioi eta litio-sufrezko bateria aurreratuak eta ultrakondentsadoreak. Enpresa berriaren produktuek material berritzaileak erabiliko dituzte; horien artean, siliziozko anodoak edo nikel eduki handiko eta/edo kobaltorik gabeko katodoak. Gainera, ingurumenean eragin txikia duten elektrodoak egingo ditu konpainia berriak, ura oinarri duten prozesuen bidez, eta konposatu organikorik gabe.

Hasiera batean bost langile izango ditu, ekoizpena 10 MWh/urtera iritsiko da, eta 1-100 Ah-ko gelaxka ahalmena izango du. Hasieran, pouch formatuan fabrikatuko dira gelaxkak bezeroaren neurrira, hainbat tamainatan, baina urtebeteko epean dimentsio prismatiko eta zilindriko berriak eskaini nahi dira.

Enpresak dagoeneko baditu bezeroak, CIDETECek azken urteetan egindako merkataritza harremanen ondorioz.

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.