27 | 10 | 2017

Bateriei buruzko MARS-EV proiektua amaitzea

Energy Storage

MARS-EV proiektuak (Ibilgailu elektrikoetan erabiltzeko, zahartzearen kontrako erresistentzia handia duten baterientzako materialak) amaierako bilera egin du CIDETEC zentroan, 2017ko irailaren 28an eta 29an egindako barne-mintegi batekin.

MARS-EV lau urteko lankidetza-proiektu bat izan da Green Cars Europako ekimenaren barnean —egungo Green Vehicles ekimenaren aurreko ekimena—. CIDETEC zentroak koordinatuta, industriaren eta teknologiaren arloko Europako hamasei kide elkarlanean aritu dira, litio-ioizko baterien iraunkortasuna eta energia-dentsitatea hobetzeko teknologiak garatzen.

Ibilgailu elektrikoa erabiltzaileentzat erakargarria izan dadin, derrigorrezkoa da behar adinako autonomia eskaintzea, eta, aldi berean, bateria azkar kargatzeko nolabaiteko gaitasuna. Horretarako, teknologiak garatu behar dira (ez bakarrik materialen arloan) energia-dentsitatea eta intentsitate handiko kargaren onarpena hobetzeko. Hori horrela, funtsezkoa da bateriek iraunkortasun egokia izatea, bereziki kontuan izanik haien balio-bizitzan barrena hainbat aldiz azkar kargatuko direla.

MARS-EV proiektuak helburu horiek landu ditu, hainbat arlotan. Energia-dentsitate handiko elektrodoen materialak garatu dira, eta bizi-ziklo hobetua duten elektrolito berriak ere bai; sintesi eta eskalatu jasangarria egin da, eta gelaxka-fasera arteko prototipoak, emaitzak balioztatzeko. Gainera, zahartze-prozesuen modelizazioa egin da, elektrodoen, gelaxken eta sistemen mailan. Emaitzei dagokienez, proiektuak bere helburu guztiak bete ditu, eta lortu dira interes zientifikoa eta zuzeneko industria-erabilera duten emaitzak.

Garatu diren materialen artean, azpimarratu behar dira Ni, Mn eta Co elementuen (NCM) oxidoz eginiko katodoak. Katodo horiek nikel eta kobalto-fosfato ugari dute, eta, bi kasuetan, partikula-mailako estalki babesgarria daramate. Anodoari dagokionez, berriz, ahalmen handiko materialak landu dira, eta horien oinarria silizio nanometrikoz eraldaturiko karbonozko nanohodiak dira. Material horien sintesia fabrika pilotuaren eskalan egin da, eta patente bat ezarri da. Proiektuari amaiera ofiziala eman zaion egunean, beste hiru patente ere aztertzen ari dira.

Aukera handiena duten materialekin, elektrodoak egin dira, ur-suspentsioetan oinarrituriko teknikak (eta, beraz, ingurumenarekiko bateragarriak) erabiliz. Era berean, hainbat prototipo egin dira, eta frogatu da 4.000 deskarga-ziklora arteko iraupena dutela baldintza azeleratuetan —deskarga sakonak gaitasun nominalaren % 0 eta % 100 bitartean—.

Iraunkortasun handiko gelaxken zikloei buruzko saiakuntzak luzeak direnez eta proiektuak iraupen mugatua duenez, haietan parte hartzen duten kideek erabaki dute MARS-EV formalki amaitu ondoren ere saiakuntza horiekin jarraitzea, beren baliabideak erabiliz.

Etorkizun hurbilean, beste emaitza batzuk ere landuko dira, agian: zahartze elektriko eta termikoaren eredu aurreratuak, garatutako baterien balio-bizitza kalkulatzeko, eta materialak birziklatu eta berrerabiltzeko estrategiak —ekonomia zirkularra—.

Laburbilduz, MARS-EV partzuergoaren esparruko lankidetza zientifiko eta teknologikoari esker, balio-kate guztia hartu ahal izan da aintzat: materialen diseinua, sintesia eta prozesatzea, ikerketa teknologikoa, eta gelaxkaren fabrikazio-teknikak. Berehalako emaitza gisa, hogei artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dira eragin handiko aldizkarietan, patente bat ezarri da, eta beste hiru aztertzen ari dira. Horrek guztiak agerian jartzen du MARS-EV ekimenean parte hartzen duten industria-arloko kideek konpromiso handia dutela eta proiektu honek ustiatzeko aukera zabalak uzten dituela.

Informazio gehiago:

www.mars-ev.eu

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.