BATTERY2LIFE proiektuak, zentroaren jasangarritasunaren aldeko apustuarekin bat eginez, zirkularitatean eta ekodiseinuan oinarritutako baterien diseinu berria proposatuko du, lehen eta bigarren bizitza bat izan dezaten.
Europako industriak, datozen urteetan, aurre egin beharko dio elektromugikortasunaren sektorean instalatutako bateria-parke handi bat kudeatzeko erronkari. Parke hori balio-bizitzaren amaierara iristen ari da.BATTERY2LIFE proiektu europarra da, Institute of Communication and Computer Systems (ICCS) erakundeak gidatua, eta CIDETEC Energy Storage da proiektuaren sustatzaileetako bat.Proiektuak, hiru urteko iraupena izango duenak, kontzeptu berritzaile bat eskainiko du baterien bigarren bizitza baterako trantsizio arina errazteko. Horretarako, 11 bazkideko nazioarteko partzuergoa izango du, eta 4 milioi euro baino gehiago inbertituko dira.
Helburuok lortzeko, BATTERY2LIFE proiektuak bi irtenbide garatuko ditu: BMS (bateriak kargatzearen eta deskargatzearen kudeaketaz arduratzen den elementu elektroniko) irekia eta hodeian oinarritua. Kimikaren, teknologien, protokoloen eta aplikazioen arteko elkarreragingarritasuna ahalbidetuko du.
Batetik, irtenbide bat garatuko da, jadanik fabrikatuta dagoen eta balio-bizitzaren amaierara iritsi den bateria-sistema bat birkonfiguratzeko eta bigarren bizitza bat emango dioten aplikazio geldikorretan erabiltzeko.Bestalde, bateria-diseinu berri batean ari dira lanean —sorreratik hasita—, irtenbide bat emateko fabrikatzaileei, lehen eta bigarren bizitzaren eskakizunak betetzeko bateria fabrikatzen denetik, ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean oinarrituta.
BATTERY2LIFE proiektuak bi erabilera-kasutan garatutako irtenbideak integratuko ditu, eta horiek beren bideragarritasuna frogatu beharko dute.Lehenengoan, balio-bizitzaren amaierara heldu diren bateriak eskala komertzialeko biltegiratze-aplikazio batera, mikrosare batera, eramaten dira, eskari-gailurrak murrizteko eta sare osoari sostengu iraunkorra emateko.Bigarrena etxean erabiliko den energia biltegiratzera dago zuzenduta, eta, bertan, sistemak bigarren bizitza batean izango duen eraginkortasuna ebaluatuko da.
CIDETEC Energy Storage, BATTERY2LIFEren arduradun teknikoa izateaz gain, bateriak fidagarriak eta seguruak izateaz arduratuko da; horiek alderdi kritikoak dira, bateriei bigarren bizitza emateko orduan.Horretarako, degradazio-mekanismoak diagnostikatzeko eta gainerako bizitza zenbatesteko funtzionalitate aurreratuak —RUL (Remaining Useful Life)— inplementatuko dira, baita detekzio goiztiarra eta thermal runaway delakoaren edo berotze oso azkarraren prebentzioa ere.Era berean, bigarren bizitzako sistemak dimentsionatzeko tresna bat garatuko da, sistemak epe labur eta luzean erabilera berriaren beharrak bete ahal izango dituela bermatzeko.
Horrelako proiektuak bat datoz CIDETEC Energy Storageren jasangarritasunaren aldeko apustuarekin, baita beste ekimen batzuekin ere, esaterako, ZIRKULAR BATekin. Ekimen hori baterien ekonomia zirkularraren abatza da, eta CIDETECek koordinatzen du Naturklima – Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin batera.