Naturklimak lehen mailako adituak biltzen dituen nazioarteko topaketa bat hartu du, baterien sektoreko ekonomia zirkularraren erronkak eta aukerak aztertzeko, trantsizio energetikorako funtsezko esparrua baita.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, CIDETEC Energy Storage erakundeak eta Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak Nazioarteko Workshop bat egin dute gaur Donostian: Ekonomia zirkularra baterien industrian: erronkak eta aukerak. Foro horretan nazioarteko adituek parte hartu dute, eta gai estrategikoak jorratu ditu, hala nola baterien digitalizazioa, trazabilitatea, berrerabilera eta birziklatze adimenduna, funtsezko elementuak baitira energia-eredu jasangarriago baterako trantsizioan aurrera egiteko.
Jardunaldia goizean egin da, Naturklimaren egoitzan, eta aukera eman du azken berrikuntza teknologikoak eta negozio-ereduak partekatzeko. Horri esker, balio-kate zirkular bat eraiki ahal izango da baterien inguruan, funtsezkoa baita mugikortasun jasangarria garatzeko eta energia berriztagarriak biltegiratzeko.
Jasangarritasun-diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensiok hasiera eman dio topaketari, eta honako hau azpimarratu du: “Eraldaketa handiko une honetan, deskarbonizazioak, klima-larrialdiak eta lehengai kritikoengatiko lehiak erabakitasunez jardutera behartzen gaituzte. Baterien industriako ekonomia zirkularra ez da aukera bat, baizik eta behar estrategiko bat baliabideak zaintzeko, hondakinak murrizteko eta gure industria- eta energia-autonomia indartzeko”. Asensiok balioa eman dio Naturklimako bateriak birziklatzeko laborategi berriak izango duen zereginari. Laborategi hori CIDETEC Energy Storage enpresarekin lankidetzan garatu da: “Puntako azpiegitura Europan, Gipuzkoa ekonomia zirkularraren abangoardian kokatuko duena, industria-aukerak, enplegu berdea eta ezagutza sortuz”.
CIDETEC Energy Storage, sektorean lanean 28 urte baino gehiago daramatzan baterien balio-kate osoaren garapenean aditua denez, haren ezagutza emango du oinarriak ezartzeko eta lurraldea baterien zirkulartasunean erreferente gisa kokatzeko. Oscar Miguelek, zentroko zuzendariordeak, jardunaldian nabarmendu duenez, “lankidetza publiko-pribatuak aukera emango dio Gipuzkoari laborategi bakarra izateko, azpiegitura berriak garatuz eta tokiko enpresentzako aukera berriak sortuz”.
Workshop-aren programak sektoreko enpresa eta erakunde liderren hitzaldiak jaso ditu, hala nola Circunomics, bigarren bizitzarako eta baterien birziklapenerako markplace digital berritzailea aurkeztu duena; Metso, black mass birziklatzeko irtenbidearekin; TES AMM, begizta bikoitz itxiko birziklatze-ereduekin lan egiten duena; FEV Consulting, mugikortasun jasangarriko baterien bigarren bizitzari buruzko ikuspegia partekatu duena; eta CIDETEC Energy Storage, baterien balio-kate zirkularraren azterketa bat eskaini duena Espainian.
Jardunaldia osatzeko, mahai-inguru bat egin da, Europako baterien zirkulartasunerako erronketan eta aukeretan zentratuta, eta networking bazkaria egin da parte-hartzaileen artean.
ZIRKULAR BAT eta Gipuzkoak ekonomia zirkularraren alde egindako apustua
Workshopa ZIRKULAR BAT proiektuaren bultzadan kokatzen da. CIDETECek eta Naturklimak Gipuzkoan baterien inguruan industria-komunitate zirkular bat antolatzeko sustatutako ekosistema berritzailea da ZIRKULAR BAT. Proiektu honek birziklatze adimenduneko laborategi bat abian jartzea aurreikusten du, material kritikoen balorizazio-teknologia berriak ikertu eta garatu ahal izateko, hala nola litioa, kobaltoa edo nikela. Horrela, deskarbonizazioa, kanpoko lehengaien mendekotasuna murriztea eta Gipuzkoako ekonomiarako sektore estrategiko berri bat sortzea lagunduko da.
Horri dagokionez, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “ekonomia zirkularra bere politika publikoetan eta enpresa-estrategietan integratzeko gai diren lurraldeak izango dira jada abian dagoen ekoizpen-eredu berriaren buru. Gipuzkoak lurralde horietako bat izan nahi du, eta, horretarako, enpresekin, teknologia-zentroekin, startup-ekin eta industria-ekosistema osoarekin lan egiten du”.