20 | 05 | 2022

Abiatu da “SINPAIN” ikerketa-proiektu iraultzailea: Belauneko osteoartritisaren aurkako hurrengo belaunaldiko terapia aurreratu bat garatzen

Nanomedicine

Osteoartritisaren aurkako tratamendu eraginkor eta merkeen premiari erantzuten

 

Donostia, Espainia, 2022ko maiatzaren 17a — Osteoartritisa artikulazioetako gaixotasun kroniko ohikoena da munduan, baina oraindik ez dago hari aurre egiteko tratamendu efizienterik. Ondorioz, sendagai berriak garatu behar dira gaixotasun hori pairatzen dutenen bizi-kalitatea hobetzeko eta gaixotasunak dakartzan kostu altuak murrizteko. RNAren arloko teknologiek azken urteotan izan duten goraldia aprobetxatuz, SINPAIN proiektuaren helburua hutsune hori betetzea da, siRNAn (RNA interferente txikian) oinarritutako terapia seguru, efiziente eta merke bat garatuta. Horretarako, RNAren arloko teknologiekin batera, azido hialuronikoz osatutako belaun barruko biskosa-gehigarri hobetuak erabiliko dira, ehun-ingeniaritzarako tresnak dauzkatenak, hala nola nanoeramaileak.  Taldearen xede nagusia diagnostiko eta tratamendu pertsonalizatuagoak garatzea da, osteoartritisaren fase desberdinetarako. Europa eta Estatu Batuetako hamabi erakunde-bazkideetako espezialistak elkartzen dituen SINPAIN proiektuak 5,3 milioi euroko finantzazioa jasoko du Europar Batasunaren Horizon programaren baitan datozen lau urte eta erdian.

Osteoartritisa desgaitasun fisikoaren kausa nagusietako bat da, eta kasuak areagotzen ari dira. Gaur egun, munduko biztanleriaren ehuneko zazpiri eragiten die. Pazienteen ohiko sintomak min kronikoa, zurruntasuna, sentiberatasuna eta malgutasun mugatua izaten dira. Orain arteko ikerketen arabera, ez dago sendagai espezifikorik osteoartritisari aurre egiteko, eta  larritasun-maila desberdina da pazientearen arabera. Osteoartritisarekin lotutako karga sozialaz eta sufrimenduaz gain, gizartearentzat dakarren zama ekonomikoa ere aipatzekoa da. Gastu medikoak 10.000 eurotik gorakoak izan daitezke pazienteko eta urteko. Osteoartritisa funtzio anitzeko gaixotasun bat da, eta adina, sexua, obesitatea, geneak eta bestelako arrisku-faktoreek eragin handia dute harengan. Adineko helduei, bereziki emakumeei, askoz gehiago eragiten die gaixotasunak.

Mundu osoko 500 milioi pazientek terapia berrien premia daukate

“Osteoartritisa daukaten pertsonek tratamendu berriak behar dituzte min kronikoa gutxitzeko eta gaixotasunaren garapena moteltzeko. Gaitz degeneratibo honek geroz eta pertsona gehiagori eragiten die, eta pertsona horien bizi-kalitatea nabarmen murrizten da gehienetan”, adierazi du CIDETEC Nanomedicine ikerketa-erakunde espainiarreko Damien Dupin jaunak, proiektuaren koordinatzaileak. “Mundu mailan premia bat dugu, ez dena asebete eta geroz eta presakoagoa dena: tratamendu terapeutiko eraginkorrak garatzea eta, horrez gain, gaitzaren kausak eta mekanismoak ulertzea.  Ikerketa hori egitea da SINPAINen funtzioa”.

Osteoartritisa hobeto kudeatzeko hainbat gomendio daude, hala nola ariketa fisikoa egitea eta argaltzea, baina haien eragina mugatua da, pazienteek ez dutelako bide horretatik jarraitzen. Ahotiko botika antiinflamatorioak errezetatzen dira askotan, baina ez dute arrakasta handirik izaten, eta maiz hartuz gero baliteke arazo gastrikoak eta beste albo-ondorio batzuk eragitea. Halaber, kasu batzuetan ebakuntza egin behar da, eta baliteke horrek mina arintzea, baina ez du osteoartritisaren garapena geldiarazten.

siRNA bidezko terapia konbinatu aitzindari bat sortzea

Iraganean uste zen kartilagoaren galera zela osteoartritisa eragiten zuen arazo nagusia, baina paradigma hori aldatzen ari da. Garai batean gaixotasun guztiz mekanikoa zela pentsatzen zen, kartilagoa higatzearen ondorioz sortutakoa, eta ez ziren kontuan hartzen gaitzaren egitura, patologia eta interakzio konplexuak. Orain, erantzun biologiko konplexutzat hartzen da, biomekanika, inflamazioak eta immunitate-sistema konektatzen dituena. SINPAINen oinarri teorikoa da elkarri eragiten dioten sintomen mekanismo bat dagoela.

siRNA bidezko terapia aurreratu bat sortzea helburutzat hartuta, pazienteen biopsietan oinarritutako ereduak sortuko dira proiektuaren baitan, belauneko osteoartritisaren gaian gehiago sakontzeko eta siRNA bidezko produktu aurreratuak sortzeko aukera emango dutena; horrela, mina arindu, eta gaitzaren garapena moteldu ahal izateko. Nanoterapia horiek eraginkorrak eta seguruak direla balioesteko, ex vivo eta in vivo ereduak erabiliko dira, gaitzaren bilakaeraren mekanismo biologikoak argitzeko. Ondoren, pazienteen profilak erabilita, ikaste automatikoko tresnek terapia pertsonalizatuak garatu ahal izango dituzte, bakoitzaren gaixotasunaren fasearen arabera.

“Tratamendu birsortzaile eta pertsonalizatuei esker osteoartritisa daukaten pazienteek izan ditzaketen onura sozialak askotan aipatu dira iraganean. SINPAINen ikuspuntua iraultzailea izan daiteke. Lehen belaunaldiko produktu batekin hasi, eta urratsez urrats konplexutasuna areagotzen joango da, belauneko osteoartritisaren lau faseetarako lau produktu osatu arte. Tratamendu konbinatu aurreratuak eskuragarri edukitzea onuragarria izango da mundu osoko pazienteentzat”, gehitu du Dupin jaunak.

SINPAINen partzuergoa diziplina anitzekoa eta nazioartekoa da: bederatzi herrialdetako hamabi bazkidek funtsezko arloetan daukaten trebetasuna eskainiko diote proiektuari; adibidez, terapia aurreratuen, bektoreen, biomaterialen, immunologiaren, segurtasun biologikoaren, ikerketa muskuloeskeletikoaren edo medikuntza birsortzailearen arloetan. Europar Batasuneko bost estatu daude ordezkatuta SINPAINen, baina Islandia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Suitzako erakundeek ere parte hartzen dute bertan, arazo global honi aurre egiteko.


Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.