02 | 05 | 2023

Abian da EMPOWER proiektua: zero emisioko bi kamioi garatzeko erronka

Energy Storage

CIDETEC Energy Storage-k ibilgailu astun horien bateriak garatzen egingo du lan. 750 km-ko autonomia izango dute, eta 2029an merkaturatu ahal izatea aurreikusten da.

 

Europar Batasunak gure errepideetako garraio-sarea elektrifikatzeko duen estrategiaren esparruaren barnean, EMPOWER (Eco-operated, Modular, highly efficient, and flexible multi-POWERtrain for long-haul heavy-duty vehicles) ikerketa-proiektu europarra abiatu da, eta bertan parte hartzen du CIDETEC Energy Storage-k. Datozen lau urteotan bi ibilgailu astun garatuko dira, malguak, modularrak eta eskalagarriak. Zero emisio dituen eta gutxienez 40 tona pisatzen dituen propultsio-sistema elektriko baten bidez mugituko dira ibilgailu horiek.

Kamioietako batek erregai-pila bidezko sistema bat edukiko du, eta 750 kilometroko autonomia izatera iritsiko da. Bestea baterien bidez soilik elikatuko da eta 400 kilometro egin ahal izango ditu karga bakarrarekin. Baterien bidezko kamioi elektrikoa eskualde-mailako banaketak egiteko dago pentsatuta; hidrogeno bidezkoa, aldiz, distantzia luzeetarako. 

Bestalde, bi kamioien autonomia eta errendimendua bost erabilera-kasu desberdinetan frogatuko da, askotariko eszenatoki eta distantziekin, Europar Batasuneko estatu desberdinen mugen arteko ibilbideak barne. EMPOWER teknologia modularra eta eskalagarria VECTO 4, 5 eta 10 taldeetako ibilgailuetara transferi daiteke, eta, haren diseinuarekin, 2020ko erreferentziazko ohiko diesel kamioiaren ustiatze-kostua berdindu nahi da 2030. urterako. Produkzio-bolumena urteko 10.000 ibilgailu baino gehiago izango da.

Proiektuaren aurkezpen-ekitaldia duela gutxi egin zen, AIT (Austrian Institute Of Technology) institutuaren Vienako egoitzan. Proiektuko 14 bazkideen ordezkariak egon ziren bertan, baita CIDETEC Energy Storage ere. 18 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, TRL 8 heldutasun-maila duten bi ibilgailu entregatu nahi dira 2026 amaieran, proiektua bukatzen denean. 2029an ibilgailuak merkaturatzen hasi ahal izatea aurreikusten da.

 

CIDETEC Energy Storage-k, bateriak garatzen aditua denez, honako hauetan egingo du ekarpena:

      Instalazioaren oreka mantentzeko laguntza teknikoa, bereziki bateriei dagokienez.

      CFD (Computational Fluid Dynamics) analisiaren bidez bateriak modelatzeko eta simulazioak egiteko laguntza teknikoa.

      Bateriaren erabilera hobetzera bideratutako BMS (bateria kudeatzeko sistema) funtzioak garatzea.

      Bateriekin entseguak egitea gelaxka, modulu eta battery pack mailan, bateria kudeatzeko sistema (BMS) barne, bai eta zahartzapenarekin eta HIL (hardware in the loop) konfigurazioarekin lotutako entseguak ere.

      Gidatzeko laguntzaren kontrola optimizatzea, gidatu bitartean bateriaren ustiapen optimoa lortzeko.

      Karga-eragiketen egokitasuna aztertzea, kostuari, funtzionamenduari eta eskuragarritasunari lehentasuna emanez.

      Kargatzeko eta gidatzeko estrategiei ekarpenak egitea, baterian epe ertain eta luzera izango dituen ondorioak kontuan hartuta.

Funding Frame:
Horizon Europe HORIZON-CL5-2022-D5-01-08: Modular multi-powertrain zero-emission systems for HDV (BEV and FCEV) for efficient and economic operation (2ZERO)

Egon eguneratuta

Harpidetu zaitez gure newsletterretara gure zentroetako azken berrikuntza teknologikoak eta ekitaldiak ezagutzeko.